Emakumeak protagonismo berezia izango du aurtengo Liburu eta Disko azokan. Barikutik hasita eta martxoaren 10era bitartean, herritarrek liburuak eta diskoak erosteko aukera izango dute Lamera parkean. Aurten, guztira, hamabost liburudendak, argitaletxek eta banatzailek parte hartuko dutela azaldu dute, iaz baino bi gutxiagok.

11:00etan irekiko ditu ateak etzi aurtengo liburu eta disko azokak eta ohi legez, azken boladako liburu zein diskoak ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Hori ez ezik, hainbat dira Liburu Azokaren baitan antolatu dituzten jarduerak.
Barikua, azokaren lehenengo eguna izanik, Toti Martinez de Lezea idazleak hitzaldi bat eskainiko du 19:00etan Bermeoko Joxe Miel Barandiaran Udal Liburutegian. Horretan, euskal kostaldeko emakumeen memoria berreskuratzen duen Urak dakarrena bere liburuaz minzatuko da. 35 kondairak osatzen dute liburua, horietako batean 1912. urteko galernan Bermeoko emakume batek bizitakoak kontatzen ditu Martinez de Lezeak.
Bestalde, Liburu Azokara bertaratzen direnek
Euskal emakume idazleak erakusketa bisitatzeko aukera be izango dute, Liburu Azokan bertan ipiniko baitute. Erakusketa horretan, Emakumeak literaturan izan duen lekua azaltzen da, kartelen, argazkien eta liburuen bitartez. XV. mendetik gaur egunera arte emakume idazleen papera zelan aldatu den be ikusgai izango da erakusketan.
Juan Karlos Irizar diskoak sinatzen
Herriko txikienek beste modu batera bada be, Liburu Azokaz disfrutatzeko aukera izango dute. Martxoaren 8an, hain zuzen be, ipuin kontalari saioa izango da Joxe Miel Barandiaran Udal Liburutegian. Bertaratutakoek emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna lantzen dituzten ipuinak entzuteko aukera izango dute. Apika taldea izango da ipuinak kontatzeaz arduratuko dena 18:00etatik aurrera. Lau urtetik gora dituzten umeei zuzendutako saioa da, eta gehienez, 50 umek parte har dezakete.
Martxoaren 9an, zapatuan, barriz, Juan Karlos Irizar pianista eta musikaria Bermeoko Liburu Azokara hurbilduko da diskoak sinatzera. Irizarrek argitaratu duen 34. diskoa bere jaioterriari Oñatiri (Gipuzkoa) eskaini dio:
Oñati eta Oñatiko auzoak.
Barikuan hasi eta martxoaren 10era bitartean bisitatu ahalko da Bermeoko liburu eta disko azoka 11:00etatik 13:30eara eta 16:30eatik 20:00etara.