
Busturialdeko eta Lea Artibaiko lan merkatua “kinka larrian” dagoela eta, LAB sindikatuak protesta egin du Lanbidek Gernika-Lumon duen egoitzaren aurrean. Aitziber Barandika bertoko eskualdeetako arduradunak jakinarazi duenez, egoerak nabarmen egin du okerrera 2008tik 2012ra. Dioenez, langabezia tasa bikoiztu egin da, eta 2.258 lanpostu suntsitu dituzte bi eskualdeak kontuan hartuz gero.
Busturialdean, baina, lan merkatuaren egoera Lea Artibain baino okerragoa da. 2008an biztanleen %6a zegoen langabezian, baina 2012ko amaieran %13ra arte igo zen. Tarte horretan suntsitutako lanpostuak, bestalde, 1.543 izan ziren. Lea Artibain, langabeziak %11ra arte egin du gora, eta 715 lanpostu suntsitu dituzte azken bost urteetan.
Barandikaren berbetan, “krisialdiaren aitzakipean hartu diren erabaki politikoen erruz heldu gara gaur egungo egoerara”. Hala, protesta egitera deitu ditu Busturialdeko eta Lea Artibaiko langileak. Dioenez, protesta eginez bakarrik alda daiteke lan merkatuaren egoera, Euskal Herrirako politika propioak aldarrikatuz.