
Ezker eskuin, Kristina Boan, Edurne Brouard eta Koldo Tellitu, Bilboko aurkezpenean
Korrikari buruzko materiala adin tarte guztietako ikasleei (haur hezkuntzatik 18 urtera artekoei) zuzendutako unitate didaktiko batean jaso dute Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta AEK-k, elkarlanean. Bilboko Kalderapeko euskal kulturgunean egindako aurkezpenean azaldu dutenez, «Euskal Herriko eskola eta ikastoletan Korrikaren mezua zabaltzeko balio duen tresna» da unitate didaktikoa.
Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk eta Kristina Boanek eta Korrikaren arduradun Edurne Brouardek nabarmendu dutenez, Korrikaren zergatiaz eta beharraz ohartarazteagaz batera, «euskararen erabilera sustatzea eta indartzea» da Bilbon aurkeztutako materialaren helburua. Horretarako, Korrika 18ren mezua, kanta eta bideoklipa bildu dituzte unitate didaktikoan. Horrez gain, ikastetxeek «jarduera desberdinak dituzte unitate didaktikoan, adin tarteen araberakoak».
Egindakoa eskertzeko modua
Korrika txikiak antolatzen eta prestatzen laguntzeko baliagarria be izango da unitate didaktikoa, sustatzaileen arabera. Halaber, irakasleek «Korrikaren alde egiten duten lan handia eskertzeko» modu bat be badela deritzote. «Korrikak beti jaso izan du asko euskal gizartetik, eta Korrikaren nahia, espiritua eta filosofia da ordainetan zerbait ematea», esan dute.
Korrika 18ren material hori euskararen aldeko lasterketaren webgunetik (
www.korrika.org) deskarga dezakete ikastetxeek, Google Drivera igo baitute. Hori bai, Google-k zerbitzu hori euskaraz ematen ez duela eta, eragozpenak barkatzeko eskatu dute AEK-k eta Ikastolen Elkarteak.