
Gernika KESBek Partida nahiko txukuna jokatu zuen asteburuan, baina esku hutsik bueltatu zen Madrildik (Espainia). Canoek hirugarren laurdenean egin zuen ihes markagailuan, eta bertokoek ez zuten norgehiagokari buelta emoteko aukerarik izan. Hala, play-off postuetara hurbiltzeko aukera edarra galdu zuten gernikarrek. Izan be, Canoeri irabazita lehen lau sailkatuetatik partida bakarrera jarriko lirateke KESBekoak.
63-51 galdu zuten gernikarrek Canoeren kontra. Partida ez zen ondo hasi bertokoentzat. Canoe gogotsu zelairatu zen, eta 12-6 jarri zen aurretik lehen laurdenean. Bigarren laurdenean, halanda be, KESBek maila hobea emon zuen, markagailuan puntu bakarrera jarriz.
Gernikarrei atsedenalditik bueltan egin zien ihes partidak. Amaia Valdemoro Espainiako historiako jokalari hoberenak beregain hartu zuen taldearen ardura, eta madrildarrek nagusitasun handia erakutsi zuten. KESBek sei puntu baino ez zituen egin hirugarren laurdenean. Partidaren azken laurdenean norgehiagoka barriro orekatu zen, baina berandu zen dagoeneko.
Araia Peña izan zen jokalari hoberena gernikarren artean. Peñak hiruko bost jaurtiketa sartu zituen, eta hamazpi puntu lortu zituen guztira. Partidaren gakoetako bat Tyniiki Crook izan zen. Estatubatuarra ez zen fin ibili eta taldeak asko nabaritu zuen. Lau puntu lortu zituen bakarrik.
Madrildarren artean, bestalde, Monica Garrido eta Amaia Valdemoro izan ziren hoberenak. Garridok hamazazpi errebote hartu zituen, partidako MVPa bihurtuz.
Valdemorok, bestalde, 16 puntu lortu zituen. Valdemoro astebarruan heldu zen Madrilera, eta asteburuan lehen partida jokatu zuen. Fisikoki lar ondo egon ez arren, hiru WNBA irabazi dituen emakumeak berebiziko garrantzia izan zuen Canoeren jokoan.
Partida galduta KESBk seigarren postuan jarraitzen du.