Astebururako iragarpenek elurra kostan be botako zuela esan arren, aurreikuspenak neurri batean baino ez dira bete, eta uste baino arazo gutxiago egon da Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean, batik bat altu dauden herriak zuritu direlako. Dena den, arazo batzuk bai sortu dituztela elurteek, batez be, errepideetan.
Bermeoko Sollube mendikatean, esaterako, eragozpenak sortu ditu elurrak. Bilboko noranzkoa itxita egonda gaur 08:15etik 10:20ra. Txingorraren eraginez auto bat gurutzatuta geratu da, eta errei hori itxi egin dute elurra kentzeko makinak errepidea garbitu arte. Egunean zehar kontuz ibiltzeko gomendatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Autzaganen, bestalde, zuritu arren, ez da aparteko arazorik egon, eta zabalik egon da asteburu osoan. Nabarnizen ia geratu be egin barik egin du elurra asteburuan eta, udalak jakinarazi duenez, aguazilak lan handia eduki du errepideak garbi mantentzen. Ereñon be bideak garbitzeko lanean egon behar izan dira aguazilak, eta elurra kentzeko makinaren laguntza be behar izan dute. Errigoiti zurituta egon da asteburuan, eta kontuz gidatu behar izan da bertako errepideetatik, baina, Morgan bezala, aparteko arazorik ez da egon.
Hotza nagusi, asteburuan
Hotza be nagusi izan da asteburuan zehar. Oizen, esaterako, -4,5 gradu zentigradoko tenperatura hartu zuten domekan, eta -6,4 gradutakoa zapatuan.
Lea-Artibaiko zenbait herritan be elur mordoxka egon da egunotan; Munitibarren, esaterako. Goizean goiz hasita, elurra kentzeko makinagaz atzera eta aurrera ibili da gaur herriko aguazila. «Elur asko egin du egunotan, eta horren ondorioz, zuhaitz asko jausi dira; dena den, ez da inolako ezbeharrik gertatu», azaldu du aguazilak. Munitibarko zenbait auzoetako baserrietan izan dituzte arazorik gehienak, Totorika eta Gerrikaitzen, esaterako.
Aulestin, Zubero eta Malax auzoetako zenbait ume eskolara joan barik geratudira gaur, etxetik jaitsi ezinik. Lekoiz gainea itxi egin dute goizean, baina eguerdirako zabalik izan da.
Markina-Xem

einen, bestalde, auzoetako jendeari gatza eskaini zieten barikuan, nahi zuenak botatzeko. Iturretan eta Larruskainen zenbait arazo izan dituzte Markina-Xemeinen, eta baserri bideetan, Etxebarrian.
Ondarroan, ez da aparteko gertaerarik egon; elurrak inguruko herrietako errepideetan izandako eragina, baina, igarri da. Mendarora doan autobus zerbitzua atzerapenagaz ibili da goizean. 08:10eko Euskotreneko autobusa berandu ailegatu da Itsasaurreko geltokira. Trabakua itxita egon da ordu batzuez, eta gidariek Mutrikutik joan beharra eduki duten; hori dela eta, auto ilara handiak sortudira Mutrikuko sarrera-irteeran.
Mutrikun, errepideak garbitzeko prestatutako ibilgailua martxan ibili da egunotan, eta, gainera, herritarren artean banatzeko bi tona gatz erosi dituzte. Udal brigadak eta udaltzainak ere elurrak sortutako eragozpenak ekiditeko lanean aritu dira. Gaur goizean bertan ibilgailuek zein oinezkoek izan dituzten trabak kentzen aritu dira.
Mendateetan, kateekin
Gaur, gainera, Gontzagarigaina, Bizkaiko balkoia eta Astorkigana mendateak itxita izan dira kamioientzako eta autobusentzako; autoek, bestalde, kateak edo negu-gurpilak jarrita igaro behar izan dute horietatik.