
Peio Agirre komisario duela, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924) obraren orain arteko atzera begirako bildumarik osatuena jarriko du ikusgai Bilboko Arte Ederren museoak. “Erakusketak 60 urte inguruko sorkuntza ibilbide oparo baten azterketa proposatzen du, egileak baliatu izan dituen teknika eta adierazpen artistiko askotarikoetan barrenako bidaia. Margolaritzan lehen urratsak egin zituenetik hasi, eta eskulturari heldu zion arteko tarte osoa biltzen du, alde batera utzi gabe zinema, diseinu industriala, grafikoa, altzarien diseinua, arkitektura eta hirigintzako proiektu gauzatu gabeak, argazkilaritza, kartelgintza eta idazketa”.
Astelehenetik maiatzaren 13ra arte egongo da lagina ikusgai. Hain zuzen, 200 pieza inguru batu ditu erakusketarako Arte Ederren museoak, Basterretxearen obraren gaineko ikuspegi garaikide eta, aldi berean, historikoa eskainiz, abangoardiako hizkuntza artistikoen bidez tradizioaz egiten duen interpretazio berezia erakustearekin batera.