Mundaka Surf Taldeak Alejandro Mallona kiroldegia erabili ahalko du
Mundaka Surf Taldeak, Mundakako Arraun Taldeagaz eta Udal Eskolagaz batera erabili ahal izango du aurrerantzean Alejandro Mallona kiroldegia; izan be, kiroldegiaren zati bat erabiltzeko eta kudeatzeko lagapen-hitzarmena sinatu du Mundakako Udalarekin eta atzo egin zuten ez ohiko osoko bilkuran onartu zuten.
Mundakako Udalak «kirolarekin duen konpromisoa berretsita eta herriko kirol elkarteen alde egiten duen lanarekin jarraituta», Alejandro Mallona kiroldegiaren zati baten erabilera eta kudeaketa ahalbidetzen duen lagapen-hitzarmena sinatu du Mundaka Surf Taldearekin.
Sinatu duten hitzarmen horren bitartez, Mundaka Surf Taldeak biltegiratzeko, entrenatzeko eta taldearen bilerak egiteko lekua izango du Alejandro Mallona kiroldegian. Surf Taldeak, gainera, Mundakako Arraun Taldearekin partekatuko ditu instalazioetako batzuk; gimnasioa, muskulazioa gunea eta bulegoak, besteak beste.
Hala eta guztiz be, bi talde horiez gain, Mundakako Udal Eskolak be instalazioak erabiltzen ditu. Horregatik, eskola orduetan azken horiek lehentasuna izango dutela zehaztu dute Mundakako Udaletik.
Erabilera eta kudeaketa lagapen-hitzarmena urte bateko iraupenarekin sinatu dute, baina luza daitekeela adierazi dute. Astelehenetik barikura bitartean 07:00etatik 21:00etara erabili ahalko dituzte instalazioak eta asteburuetan, barriz, 07:00etatik 22:30eara.