Beste gazte batzuekin zure ideiak elkartrukatu nahi? Beste herrialde batzuk ezagutu nahi? Zure kultura ezagutarazi nahi? Galdera horien inguruko kezka duten 12 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako informazio saioak antolatu dituzte Gernika-Lumoko eta Bermeoko udaletako Gazteria Sailek eta Urremendi Landa Garapenerako Alkarteak. Martxoaren 7an eta 14an izango dira saioak, eta gazte elkartrukeak izango dituzte.
Gazteak Ekinean programa europarrari esker izango dute 12 eta 29 urte arteko gazteek elkartrukeetan parte hartzeko aukera. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak azaldu duenez, gazteen garapen pertsonala eta prestakuntza-prozesua bultzatzea daukate helburu elkatrukeek. «Gainera, beste herri batzuetako gazteekin zuzeneko hartu-emanak izanik, bertako ekonomia, gizartea eta kultura ulertzeko aukera be ematen zaie, kultura arteko ikaskuntza bultzatuz».
‘Youthpass’ agiria
Bestalde, «mota horretako truke batean parte hartzen duten gazte guztiek Youthpass agiria jasotzeko eskubidea» dutela azaldu dute. «Youthpass agiriaren bitartez, programan jasotako esperientzia hezkuntza alorreko esperientzia bezala eta ikasketa ez-formal bezala onartzen dela bermatzen du Europako Batzordeak».
Informazio saioak
- Bermeon. Martxoaren 7an eta 14an. Gizarte eta Kultura Etxean, 19:00etan.
- Gernika-Lumon. Martxoaren 7an eta 14an. Elai-Alai aretoko gela txikian, 19:00etan.