OHGZren kuotan hobaria eskatu dezakete herriko familia ugariek
Kortezubiko Udalak gogorarazi gura die herriko familia ugariei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren kuota ordaintzerako orduan hobari bereziak eskuratzeko aukera dutela.
Hain zuzen be, aipatu zergaren kuota osoaren %50eko hobaria eskuratu dezakete familia ugariek. Dena den, hobari hori lortzeko zenbait baldintza bete beharko dituzte aipatu familiek: batetik, familia ugariko diru-sarrerak ezin izango dira urtean 80.000 eurotik gorakoak izan, eta, bestetik, etxebizitza eskatzailearen ohiko bizilekua izan beharko da.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa
Interesatuek hobari hau lortzeko urtero egin behar izaten dute eskaera, eta hori, urteko lehen hiruhilabetekoan egin behar izaten dute. Interesatuek eskaera egiterako orduan, hainbat dokumentazio aurkeztu beharko ditu: ondasun higiezina identifikatzen duen hobari eskabidea, ondasun higiezinaren jabea dela egiaztatzen duen agiria, Bizkaiko Foru Aldundiak edo eskumena duen beste erakunderen batek luzatutako familia ugariko agiria, aurreko urteari dagokion Errenta Aitorpenaren fotokopia konpultsatua, eta, azkenik, bizikidetasun ziurtagiria.
Neurri horregaz, Kortezubiko Udalak «herritarren etxeko ekonomiak arintzearen alde» egin gura du.