Kapillako teilatua konpontzen ari da Bermeoko Udala
uzolana eginez, antzinako Jose Done ikastetxeko Kapillako itoginak konpontzeko erabakia hartu zuen Nuntxaku Kultur Elkarteak iazko azaroan. Bermeoko Udalak horiek konpontzen ez zituenez, «gehiago itxaron ezin zutela-eta», kalera atera ziren herritarrei arazoaren barri emoten eta laguntza eskatzen. Eguraldia lagun izan ez dutenez, ezin izan dute auzolana hasi. Tartean Bermeoko Udalak teilatua eta itoginak konpontzeko lanei ekin dio.
Joan den astean hasi zituen antzinako Jose Done ikastetxeko teilatuaren zati bat konpontzeko lanak Bermeoko Udalak. Hain zuzen be, Kapilla eta gimnasioa hartzen dituen gunearen estalkia konpontzen hasi direla jakinarazi dute, «itoginekin amaitzeko».
Estalkia kentzen hasi direla azaldu dute Bermeoko Udaletik, «guztiz hondatuta baitago». Saneatu egingo dute teilatua eta morteroa emon. Itoginen arazoa barriro gerta ez dadin, iragazgaiztu egingo dute, eta ondoren, barriro be morteroa emon beharko dute egindako lanak babesteko.
Lanok bi hilabetetan amaitzea aurreikusten du Bermeoko Udalak. Tarte horretan, ohiko jarduerak egiteko eragozpenak sor daitezkeela diote udaletik, baina bertan aritzen diren taldeekin batera, arazoei irtenbideak bilatzen saiatuko direla azaldu dute.
Hainbat dira antzinako Jose Done ikastetxean dauden taldeak, horien artean, Nuntxaku Kultur Elkartea. Zortzi urtetan berbaz bakarrik izandako akordioa, hitzarmen baten bitartez formalizatu zuten Kapillaren erabilera Bermeoko Udalak eta Nuntxakuk, joan den urteko maiatzean. Hortaz, Nuntxakuk kudeatzen du Kapillaren erabilera, eta finantziazio bidea autokudeaketa da.
Nahiz eta Bermeoko Udalak itoginak konpontzeko lanak atzerapenagaz hasi dituen, elkarteko kideak «pozik» agertu dira horiei irtenbidea emoten ari direlako. Halanda be, auzolanerako deia oraindik zabalik dutela adierazi dute, «Udalak teilatua konponduko duen arren, Kapillako sarreran beste zenbait lan egin gura ditugu; izan be, euria egiten duenetan putzu handi bat sortzen da. Hortaz, gure kabuz kenduko ditugu baldosak, gunea garbitu eta konpondu, ondoren baldosak barriro ipintzeko». Lanok eguraldi onarekin egin behar dituztela diote, hortaz, auzolanerako deialdia sare sozialen bitartez edo e-postak bidalita egingo dutela azaldu dute