Eleizaldeko etxebizitzak prezio baxuan alokatzeko aukera dute oraindik herritarrek
Ereñoko Udalak joan den urrian prezio eskuragarriko etxebizitzak alokairuan jartzeko prozedura martxan jarri zuen, eta, orain, prozedura hori barriro zabaldu du. Hala, interesa duenak dagoeneko izena emon edo informazioa eskuratu dezake udaletxean bertan.
Hain zuzen be, Eleizalde auzoko UE9an eraikitako 24 etxebizitzetako 6 jarri dituzte alokairuan, “etxebizitza eskubidea errazteko helburuagaz; batez be, gazteei”. Gainera, udalak azaldu duenez, etxebizitza horiek erosteko aukera be izango dute herritarrek.
Ereñokoek zein kanpokoek izena emon ahalko dute etxebizitza horien prozeduran; dena den, guztien artean, herrian erroldatutakoek izango dute lehentasuna etxebizitzak adjudikatzeko momentuan. Izan be, Ereñoko Udalak “herriko biztanleria mantendu” gura du, herria bizirik izateko.
Ereñoko Udalak azaldu duenez, etxebizitza bakoitzaren alokairua 4,5 euro/m2an ezarri dute; kontuan hartuta, etxebizitzen batazbestekoa 80 m2koa dela.