Bermeoko 25 txokok parte hartu dute beira birziklatzeko kanpainan
Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak jakinarazitakoaren arabera, guztira, 25 txokok parte hartu dute Hemen beira birziklatzen dugu sentsibilizazio kanpainan, hau da, Bermeon dauden txokoen %92ak, hain zuzen be. Joan den urteko urrian abiarazi zuten kanpaina hori Bermeoko Udalak eta Ecovidriok.
Herriko elkarte gastronomikoei zuzendutako kanpaina da Hemen beira birziklatzen dugu eta txokoek beiraren bizrziklapena ahalik eta geihen bultzatzea du helburu nagusi. Aipatu kanpaina inkesta batekin hasi zuen Bermeoko Udalak. Beira birziklitzarakoan, txokoek dituzten ohiturei eta arazoei buruzko informazio zuzena jaso du udalak horren bitartez. Informazio hori jaso ondoren, beira zelan birziklatu behar den eta birziklapenaren abantailak azaldu zizkieten txokoetako arduradunei. Azkenik, Ale Hop deritzon sistema duten edukiontziak erabiltzera animatu dituzte, hori baita tabernek erabiltzen duten sistema.
2012ko urrian kanpaina abiarazi zutenetik, Ale Hop sistemaren funtzionamendua azaltzeko eta hori erabiltzeko beharrezkoak diren giltza eta kuboa eskaintzeko hainbat bilera egin ditu Bermeoko Ingurumen Sailak herriko elkarte gastronomikoekin. Izan be, Ingurumen Sailetik adierazi duten moduan, «sistema horren bitartez beirazko hondakinak botatzea errazagoa eta erosoagoa da. Giltz batekin edukiontzi barriak dituzten leiho handiak zabaltzen dira eta kuboa iraultzeko aukera emoten dute, hondakinak banan-banan bota barik».
Edukiontzi berezi horiek erabiltzera, Bermeoko 14 txoko animatu direla diote, hau da, txokoen %56a. Sistema hori erabiltzeko 16 kubo eta 16 giltz eskatu dituztela adierazi dute. Herriko gainontzeko txokoek, beira birziklatzeko konpromisoa hartu dutela diote Ingurumen Sailetik, baina beira birziklatzeko ohiko edukiontziak erabilita.