Pozik eta eskertuta daude Kate Sarea osatzen duten kideek. Joan den eguenean herriko kontserba enpresek emondako kontserbak batzen ibili ondoren, asteburuan herriko dendetan herritarrek utzitako jakiak batzeari ekin zioten Izaro Bikers motozaleen elkartearen laguntzarekin; guztira, bost tona jaki biltzea lortu dutela jakinarazi dute.
Hainbat izan ziren zapatuko deialdira erantzunda hurbildu ziren boluntarioak, «eta jakiz beteko hainbat eta hainbat orga aurkitu genituen», dio elkarteko presidente Mirenlur Santiagok.
Ordutegia zehaztuta
Kate Sareak ordutegi bat finkatu du eta aste honetan martxan ipini dute, laguntza behar duten herritarrek beraiengana hurbiltzeko aukera izan dezaten. Gainera, harremanetarako helbide elektroniko bat be badute jada:
harremana@katesarea.org.
Beste behin be, herritar askok duten lotsa nabarmendu du Santiagok, «jende askok gelditu gaitu kalean, guregana hurbildu gura dutela esanik baina lotsa emoten diotela aipatuta. Hortaz, beste irtenbide batzuk bilatzen gabiltza lotsagatik gure lokalera edo Gizarte eta Kultura Etxera hurbildu gura ez dutenentzat».
Santa Maria elizaren atzekaldean utzi dioten lokala gainezka dute. Hortaz, Bermeoko Udalak lokal bat utzi bitartean, ezinezkoa izango dute jostailuak eta arropak batzea. «hainbat herritar zain daude jostailuak eta arropak ekarteko, baina lokal hau txiki geratu zaigu eta momentuz atzeratu egin behar dugu. Lehentasuna emon gura izan diogu jakiak batzeari».
Momentuz, bildu dutenarekin hainbat familiari laguntzeko gai direla jakinarazi dute, «jaki-sorta bat baino gehiago emoteko, gainera». Bereziki, oinarrizko produktuak bildu dituztela jakinarazi dute: egoskariak, pasta, esnea, olioa… «herritarrek ahal izan duten guztia emon dute produktu batzuek duten prezioa kontuan izan gabe. Kontserberetakoak be benetan ondo portatu dira».
Santiagok azaldu legez, «dagoeneko zenbait familiak hartu dituzte jaki-sortak, beharrizana zuten batzuk ezagutzen genituen eta».
Hona hemen zapatuan Kate Sareak eta Izaro Bikers elkarteek egindako bilketaren zenbait argazki: