![1 [50%]](http://busturialdea.hitza.eus/site/files/2013/02/1-50%-300x283.jpg)
Gernika KESBeko neskek denboraldiko zortzigarren partida irabazi zuten joan den asteburuan. Hain zuzen, 68-63 hartu zuten menpean Segle XXI (Herrialde Katalanak). Gernikarrek, baina, kostata irabazi zuten norgehiagoka. Azken laurdenera arte galtzen joan ziren bertokoak.
Segle XXI talde gaztea izan arren, hasieratik hartu zuen aurrea. Lehenengo zatiaren amaieran, esaterako, sei puntuko aldeagatik irabazten zuten katalandarrek.
Atsedenalditik bueltan, bertokoek apur bat hobeto jokatu zuten, markagailuan hurbilduz. Azken laurdenera arte, baina, gernikarrak ez ziren guztiz esnatu. Partidaren azken hamar minutuetan defentsa gogortu zuten bertokoek, eta Segle XXIk puntuak pilatzeko zailtasun asko izan zituen. Hala, 22-13ko azken partzial bat eginez, garaipena etxean geratzea lortu zuen KESBek.
Partidako onena Tynikki Crook izan zen. Estatubatuarrak 29 puntuko balorazioa lortu zuen guztira, jardunaldiko jokalaririk baloratuena bihurtuz. 20 puntu sartu zituen eta zortzi errebote hartu zituen besteak beste. Maite Mugira eta Evelina Gunevaren puntuak be oso garrantzitsuak izan ziren katalandarrei irabazteko. Hamaika eta hamabi puntu sartu zituzten hurrenez-hurren.