
Crrok aurredenboraldian jokatutako partida baten
Play-offak ahaztuta, Malosteko zaleek saskibaloiaz gozatzea izango da denboraldi amaierako helburua Gernika KESBekoentzat. Joan den asteburuan Alcobendasen galdu ostean, play-postuei agur esan die bertoko taldeak, baina ondo amaitu gura dute liga. Mario Lopez entrenatzaileak azaldu duenez, “sailkapen ona” egin gura dute, eta horrenbestez, partidak irabazten jarraitu behar dutela deritzo. Hala eginez gero, taldearen historian lortutako emaitzarik onenaren jabe izango litzateke 2012-2013 denboraldiko taldea.
Lehen bost sailkatuak nahiko urrun daudela iritzita, bertokoei seigarrren postuan sailkatzea gustatuko litzaieke. Momentuz, bidean daude, baina majo sufritu beharko dute seigarren postuari eusteko. Lopezen berbetan, “Malosteko partidak oso garrantzitsuak izango dira helburua betetzeko”. Hala, Segle XXI menpean hartuta, lehen pausoa emon gura dute asteburuan. Hain zuzen, zapatuan jokatuko dute, 18:30etik aurrera.
Bost partida irabazita Segle XXI hamargarren sailkatua da, baina katalandarrek gorago egoteko kalitatea dutela deritzo entrenatzaile gernikarrak. Dioenez, “talde oso ona da, baina gaztea”. Taldeko bost kidek, esaterako, Espainiako hemezortzi urtez azpiko selekzioan jokatzen dute. Hala, garaipena etxean geratzeko, azken jardunaldietan erakutsitako maila emon beharko dute gernikarrek. Etxean jokatutako azken bi partidak, esaterako, 25 puntu inguruko aldeagatik irabazi ditu KESBek.
Taldeko arduradunek Maloste jendez gainezka egotea espero dute. Zaleek egundoko babesa emoten dutela deritzo entrenatzaileak, eta ez dute hutsik egin bigarren mailan jokatzen dutenetik. Hala, gauza bat eskatu du bakarrik: “Maloste betetzen duen jendeak gozatu ederra har dezan”.