
Muruetako Udalak herriko arau subsidiarioen aldaketa puntuala egitea onartu du. Aldaketa horren ardatz nagusia Goiherri aurre eta Goiherri artean bide bat egitea dela dio Muruetako alkate Jabier Ondarzak. Bide horrekin batera, 4.000 metro kuadroko lurzoru baten garapena ahalbidetu da, eta lurzoru horren kalifikazioa aldatu egin da: urbanizagarria izatetik urbano izatera pasatu da aldaketarekin.
Ondarzak azaldu legez, arau subsidiarioetan aldaketa egitearen helburu nagusia bideen arteko loturak hobetzea da: «herriaren garapena goraka doala ikusita eta bideekin egon diren arazo batzuei irtenbidea emoteko aldatu ditugu arau subsidiarioak». Aldaketa horren bitartez, Goiherri aurre eta Goiherri lotuko duen bide barri bat egitea ahalbidetuko da. Hori egitearekin batera, inguruan dauden 4.000 metro kuadroak urbanizagarri izatetik urbano izatera pasatu direnez, «eremu horretan etxebizitza garapen txiki bat egingo da», adierazi du Ondarzak. Alde batetik, bidean behera, Muruetako Udalak sustatutako lau etxebizitzako eraikina egitea aurreikusten dute. Bestetik, bidean gora, ekimen pribatuko bi eraikin egingo dira; bata etxebizitza bakarrekoa eta bestea laukoa.
Arau subsidiarioen aldaketa puntual horrek, gainera, gunea urbanizatzeko aukera be emoten du. Hortaz, «hornikuntza eta azpiegitura beharrizanei erantzuna emongo diegu; parkea, aparkalekuak eta jolaserako gunea, besteak beste».
Etxebizitzen beharrizana aztertzeko galdetegia
Muruetako Udalak, bestalde, lehendik sustatuko etxebizitzen politikarekin jarraitu gura du eta ildo berean jarraituta, lau etxebizitza egin gura ditu. Halanda be, lehenik eta behin, herrian dagoen etxebizitzen beharrizana aztertu gura dutela azaldu du alkateak. Horretarako, epe laburrera herritarren artean banatuko den galdeketa bat prestatuko dutela jakinarazi du alkateak. Hori datorren hilean izan daitekeela gaineratu du.
«Sustapen handiak egin beharrean, sustapen txikiak egiten ditugu baina denboran jarraituak», azaldu du Ondarzak. Oraingoan lau etxebizitza egiteko asmoa dute, baina «bizi dugun sasoi honetarako neurri egokia dela uste dugu».