Langileekin adostutakoa betetzen ari direla ziurtatu du Bermeoko Udalak
Udal Gobernuak sindikatuekin eta Eusko Alderdi Jeltzalearekin (EAJ) iazko abenduko Langileria Batzordean adostutakoa betetzen ari dela ziurtatu du Bermeoko Udalak. Mahai negoziatzaile haretan adostutako guztia kobratu dutela baieztatu dute baita be udaleko LAB sindikatuko ordezkariek, «2007ko %1aren kontsolidazioagatik 2012. urteari dagozkion atzerapenak izan ezik», diote. Horrela, EAJk horren inguruan egindako adierazpenak gezurtatu gura izan dituzte eta «erantzukizunez» joka dezaten eskatu dio udalak.
EAJko zinegotziak «barriro gezurretan» ibiltzea salatu du Bermeoko Udal Gobernuak. Abenduko Langileria Batzordean, 2007an udaleko langileek hasitako erreklamazioa likidatzeko erabakia hartu ostean, hori bete ez izana salatu du asteon udaleko oposizioak. Gobernu Taldeak, barriz, EAJren jarrera «arduragabea» salatu gura izan du, «mahai negoziatzailean EAJrekin eta sindikatuekin aho batez onartutakoa betetzen ari garelako, eta hori badakite». Adierazpen horiek «langileen eskubideen aurkakoak» izan daitezkeela uste du udalak.
EAJko zinegotzien helburua, beste behin be, «langileak nahastea eta gaizki ulertuak sortzea» dela adierazi dute Bermeoko Udaletik.
2007. urtean udal gobernuan EAJ zegoela gogorarazten dute, eta «urte horretan sindikatuen aldarrikapena izan zena eta EAJk ez zituenak ordaindu» ordaintzen ari direla gaineratu. Kritikak, beraz, «ulertezinak» direla deritzote; «beraiek konpondu ez zutenari, guk irtenbide bat emon diogu».
Bermeoko Udalaren arabera, «udal gobernuak konponbideak eta adostasunak lortzen dituen bakoitzean, EAJk lagundu beharrean, kritika suntsitzaileak egiten ditu komunikabideetara jota, horretarako gezurra erabili behar badute be».
EAJk ez zuena ordaindu
Bermeoko Udaleko LAB sindikatuko ordezkariek be, EAJri erantzun gura izan diote eta 2007ko %1aren kontsolidazioagatik 2012. urteari dagozkion atzerapenak izan ezik, iazko abenduan egin zuten mahai negoziatzailean adostu zuten guztia kobratu dutela argitu gura izan dute.
LABek gogorarazi du, EAJ izan zela 2007an masa salarialaren %1a ordaindu gura ez zuena, «horrek ekarri zituen epaiketak, langileen arteko desbardintasunak eta egungo egoera», aipatuta. Bestalde, aspalditik zetorren arazoari irtenbidea emoteko gai izan zirela dio sindikatuak, «denon artean adostuta». Halanda be, «nora datoz orain langileen eskubideak babestera, boterean egon zirenean ukatu zizkigutenean?», galdetzen dute. «Joko politiko zikinetan» ez nahasteko eskaera egin dio LABek EAJri.