
Bizkaia Gernikak azken sailkatuaren kontra jokatuko du ligako hamaseigarren jardunaldia. Hain zuzen, La Vila azken sailkatuaren kontra jokatuko dute basurdeek domekan. Urbietan jokatuko dute norgehiagoka, 12:00etatik aurrera.
Sailkapenari erreparatuz gero, alde handia dago bi taldeen artean. Bizkaia Gernika Ohorezko Mailako liderra da, hamabi partida irabazita. Puntu gehien egiten duen taldeetako bat da, eta defentsa sendoena daukana. Hala, 61 puntu lortuta, bertokoak nahiko eroso daude sailkapenaren buruan.
La Vila, bestalde, azken sailkatua da. Katalandarrek hiru partida irabazi dituzte bakarrik, eta puntu gehien jasotzen duen taldea da. Hala, Bizkaia Gernikaren erasoko jokalariek ez lukete zailtasun handirik izan beharko La Vilaren defentsa gainditzeko.
Badaezpada, halanda be, basurdeak ezin dira fidatu. La Vilak hiru partida irabazi ditu bakarrik, baina horietako bat, Gernika-Lumoko taldearen kontra irabazi du. Hain zuzen, basurdeek 42-35 galdu zuten lehen itzuliko norgehiagoka.