XI. zapatu latinorako izena emoteko aukera dago oraindik
Otsailaren 22an izango den XI. zapatu latinoan parte hartu gura duten horiek oraindik badute izena emoteko aukera. Aurten, gainera, eskaintza zabalagoa dutela jakinarazi du Ernesto Miari Salsa Cubana akademiako arduradunak, «orain arte Kasinoko bi gela genituen baina oraingoan 3 gela ditugu, beraz, klase gehiago emon ahal izateaz gain, lagun gehiagorentzako lekua be badugu».
«Oso arrakastatsua» izaten da zapatu latinoa, herritarrez gain, gainera, kanpotik etorritako hainbat lagunek parte hartzen dute, «dagoeneko pilo bat lagunek emon dute izena eta asko kanpokoak dira», dio Miarik. Kanpotik datozen horiei harrera egiteko, otsailaren 22an, barikuan, 22:00etatik aurrera jaia antolatu dute Kasinoan. Jai horretara Kubako banderak dituen koloreekin (urdina, gorria eta zuria) jantzita joatea gomendatzen dute antolatzaileek.
Zapatuan, egun osoa
Zapatua ikastaroetarako eguna dute parte hartzaileek eta horiek guztiak Bermeoko Kasinoan izango dira. Zapatu latino guztietan egin legez, ikastaroetan bi maila desberdin izango dira oraingoan be: hastapen ikastaroa eta erdi mailakoa. Halanda be, klase bereziak be eskainiko dituzte.
Otsailaren 23an, 09:30ean hasiko dira klaseekin eta goizean eta arratsaldean banatuta hainbat izango dira eskainiko dituzten klaseak, tartean bazkaltzeko aukera izango dutelarik. 23:00etan, barriz, zapatu latinoari amaiera emoten dion jaiari hasiera emango diote Kasinoan bertan.
Miarik azaldutakoaren arabera, «dagoeneko hainbatek emon dute izena», baina oraindik be horretarako aukera dagoela zehaztu du. Egun osoko ikastaroetan parte hartu gura dutenek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Halanda be, aukera dago goiz edo arratsaldez be joateko eta erdia 35 euro ordaindu beharko litzateke. Prezio horren baitan sartzen da zapatuan egingo duten jairako sarrera.