Aurreikusitako konpostontziak baino 15 gehiago eskatu dituzte
Ondo baino hobeto hasi dute hondakin organikoak lurrerako ongarri bihurtzeko kanpaina, Ean; izan be, herritarrek otsailaren 8ra arte izan dute konpostontziak eskatzeko aukera, eta, guztira, 37 eskaera egon dira; alegia, aurreikusitakoak baino 15 gehiago.
Konpostajearen inguruko kanpaina hasi dute Ean; izan be, udalaren arabera, «kanpainaren bitartez, ongarritan eta zabor bilketan aurreztuko dute, eta, gainera, kutsadura murrizten eta lurraren eta landareen osasuna hobetzen be lagunduko du». Konpostontzien eskaerak egiteko epea bukatuta, taldekako 10 ontzi eta banakako 27 eskatu dituzte herritarrek. Konpostajearen aldeko taldeak, ostera, guztira, 22 eskatuta izan ditu: 17 banakako eta 5 taldekako.
Ontzi horiek zapatuan banatuko dituzte 10:00etan Natxituko eskolan. Baina hori egin aurretik, etxean konposta egiten ikasteko doako ikastaroa emongo die udalak erabiltzaile izango diren horiei. Horrez gain, protokolo bat sinatuko dute egun horretan, udalak eta erabiltzaile guztiek, non konpremetituko diren, batetik, aipatu ikastaroa hartzera eta, bestetik, konpostajeari erabilera egokia emotera. Hori hala dela ziurtatzeko konpostontziz konpostontzi pasatuko dira teknikoak.
Iaz planteatu zuten konpostajearena Ean, eta aurten ikusi «posible» dela ikusi dute. Horregatik, azkenera arte itxaroten egon beharrean, pausuak emotea metodologia on bat dela ikusi dute.
Hala, 2012. urtearen amaieran hitzaldi bat antolatu zuten konpostajea zer eta zelan egin behar zen azaltzeko, eta horren ostean, konpostontziak eskatzeko deialdia zabaldu zuten herrian.
Herritarren eskaerak konpostontziak baino gehiago direnez, eskaera egin duten guztiei konpostontziak banatzea erabaki du udalak. Hala, zapatuan, momentuz dituztenak banatuko dituzte, eta gainontzekoak aurrerago banatuko dituztela azaldu dute.
Bitartean, herrian sortutako taldeak egitasmo hori bultzatzen jarraituko du, konpostajeari «etorkizuna emon diezaion». Urte amaieran, behin betiko plangintza bat osatzea du helburu taldeak. Horien ustez, hausnarketarako unea da orain; izan be, «guk egiten duguna guk kudeatu behar dugu, eta hondakinik onena da sortzen ez dena».