1.164 gernikarrek parte hartu dute prebentzioko ikastaroetan
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, 2012an 1.164 gernikarrek parte hartu zuten prebentzio ikastarioetan. Gernika-Lumoko Drogamenpekotasunaren Prebentziorako Udal Zerbitzuak antolatuta, denetariko ikastaroetan parte hartzeko aukera izan zuten biztanleek. Ikastaro arrakastatsuak izan zirela eta, pozik azaldu da udala.
Parte hartzaile gehienak gazteak izan ziren, baina 71 gurasok be parte hartu zuten ikastaroetako baten. Hain zuzen, seme-alaben heziketari buruzko hainbat gai jorratu zituzten parte hartzaileek, tailerren bitartez. Bestalde, banakako 18 kontsulta be egin zituzten Gernika-Lumoko gurasoek.
Ikastetxeetan egindako osasun ikastaroak be oso arrakastatsuak izan ziren. Jokabide osasuntsuak sustatzeko asmoagaz 563 ikaslek parte hartu zuten prebentzio ikastaroan. Besteak beste, heziketa afektibo-sexuala, alkoholismoaren arriskuak eta aholkularitza izan zituzten hizpide.
Amaitzeko, droga kontsumoari eta emakumeenganako indarkeriari buruzko informazio zehatza banatu zuten antolatzaileek, herriko gazteen artean. Hala, sentsibilizazio lana egitea ezinbestekoa dela iritzita, 500 lagun inguru batu ziren prebentzio kanpainaren barruan.