Aratuste eguna aprobetxatuta, mozorroak soinean jantzita, Osakidetzan emon diren murrizketengatik protesta egin dute gaur Bermeoko anbulatorioko langileek. Baltzez jantzita guztiak, Osakidetza hil da leloa irakurri ahal da osasun zentroko hormetan. «Herritarrek jakin egin behar dute gu langileok be ez gaudela ados murrizketekin», diote anbulatorioko zenbait langilek, «gauzak, gainera, txarrera doaz».

Langileak baltzez jantzita egin dute protesta
Anbulatorio kanpora atera behar baziren be, eguraldi txarragatik, barruan bildu dira protesta egiteko, «langileen soldatak jaitsi dira, ordutegiak aldatu dizkugute, egunak kendu dizkigute, ez dira ordezkapenak egiten…langileek jaso ditugun murrizketengatik protestatzen dugu», diote. Halanda be, beste zenbait gauzetan be dagoeneko murrizketak egon direla aipatzen dute, materialan, esaterako. «Ezin dugu erabali lehen erabiltzen genituen beste material, beraiek esaten digutena soilik».
Agian, herritarrek murrizketa horiek oraindik ez dituztela somatu azaltzen dute, «baina hemendik eta hilabete gutxira bai nabarituko dituzte, gero eta gauza gehiago murriztu gura dituztelako; zerbitzuak eta kontsultak, besteak beste. Eta horren aurrean protesta egin beharra daukagu».
Halanda be, herrian zabalduta dauden zurrumurruen aurrean, «momentuz larrieldietako zerbitzua kentzea aurreikusita ez dagoela» jakinarazi dute anbulatorioko langileek.
Protestak barikuro
Aratuste eguna aprobetxatu dute baltzez mozorrotzeko eta protesta egiteko, halanda be, barikuro Bermeoko ospitale psikiatrikoan egiten ari diren protestekin bat egingo dutela jakinarazi dute. Joan den barikuan hasi ziren ospitale psikiatrikoko langileek protestak ospitaleko hesitik kanpora ateratzen, orain arte barruan egin baitituzte. Hortaz, barikuro, 12:00etan murrizketen aurkako jarrera adierazteko 15 minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte.