Barikuan azken gertaeren berri emongo dute Errigoiti Arrieta Garbikoek jendaurrean
Errigoiti Arrieta Garbi plataformako kideek batzar informatibo bat egingo dute barikuan, Biomasa zentralaren inguruko azken gertaeren berri emoteko. Joaquin Iragorri plataformako kideak jakinarazi duenez, “Errigoitiko Udalagaz zuen akordioa apurtu gura du Bioforest enpresak, proiektua ez baita bideragarria diru laguntza barik”. Gainera, baimen guztiak lortzeko dauden zailtasunak direla eta, enpresak atzera egiteko erabaki hartu duela dio Iragorrik.
Malluki industrigunea eraikitzea, hortaz, oso zaila izango dela deritzo plataformakoak. Haren berbetan, ingurumen balio handiko gunea da Olabarri. Auzoko errekastoan galtzeko arriskuan dagoen Europako Bisoia bizi da, eta horrenbestez, zaindu beharreko lekua dela gogoratu du Iragorrik.
Eleizalde auzoko Ukuilu alkartearen txokoan egingo dute batzar informatiboa, 19:30etik aurrera.