Play-off postuak barriro urrundu dira Gernika KESBentzat
Gernika KESBeko neskei barriro urrundu zaizkie play-off postuak, asteburuan Alcobendasen kontra 79-65 galduta. Liga amaitzeko zazpi partidaren faltan, play-off postuak hiru partidara dituzte bertokoek. Hala, ia ezinezkoa da lehen lau postuekin amets egiten jarraitzea. Gernikarrek zazpi partidak irabazita be, sailkapenaren goikaldeko taldeetako batek gutxienez hiru partida galdu beharko lituzke.
Madrildarren partida bikaina jokatu zuten, eta hasieratik jarri ziren aurretik. Lehen laurdenean hiru puntuko aldeagatik galtzen zuen KESBek, eta atsedenaldian zazpi puntuko aldeagatik.
Hirugarren laurdenean apurtu zuen partida Alcobendasek. Laurden horretan hamabi puntuko aldea aterata, partida ia erabakita utzi zuten madrildarrek. Partida ia galduta zegoela esnatu zen KESB baina alperrik. Aldea apur bat txikitzea lortu zuen bakarrik.
Maite Mugira izan zen jokalari hoberena gernikarren artean. Hamalau puntu sartuta, hemeretzi puntuko balorazioa lortu zuen. Hamahiru puntu sartuta, Izaskun Garciak eta Yaiza Lazarok be partida ona jokatu zuten.
Tynikki Crook eta Evelina Guneva bota zituzten faltan bertokoek. Estatubatuarra eta bulgariarra ez ziren fin ibili, eta taldeak asko nabaritu zuen. Lau eta hiru puntu sartu zituzten hurrenez-hurren.