Mendatako Udalak 15 etxebizitza tasatu jarriko ditu herritarren eskura, kooperatiba erregimenean
Mendatako Udala estatu mailako lehen goreneko eraginkortasun energetikoko etxebizitza tasatuen lehen promozioaren eraikuntza-proiektua garatzen dabil. Proiektu horrek 15 etxebizitza aurreikusten ditu; kooperatiba erregimenean eta «prezio eskuragarrian».
Mendatako Udalak azaldu duenez, etxebizitza horiek Passivhaus arkitektura jasangarriko alemandar estandar zorrotzean oinarrituta egongo dira. Horren bitartez, eta ondo zaindutako eraikuntza ebazpen zehatzak erabiliz, energia kontsumo minimoa ziurtatuta izango dela aurreratu du udalak. Hala, isolamendu handiak, beroa berreskuratzea bermatzen duen aireztapenak eta zubi termikorik gabeko diseinuak berogailu gastua zazpi biderrez murriztea lortuko dutela gaineratu du. Era berean, etxebizitzek ingurumenari errespetu handia izango diotela be azaldu du.
200.000 euro baino gutxiago
Eraikuntza proiektua faseka burutuko du udalak; fase bakoitzeko bost etxebizitza eginda. Gutxi gora behera etxebizitza bakoitzak 90m2ko azalera izango duela jakinarazi du udalak: 3 logelagaz, trastelekuagaz, garajeagaz eta 36 m2ko lorategi partikularragaz. Familia bakarreko etxebizitza multzoak aurreikusten ditu proiektuak, eta bakoitzak 200.000 eurotik beherako prezioa izango duela esan du udalak.
Babestutako etxebizitzen udal ordenantzako baldintzak betetzen dituzten pertsonek egin ahalko dute etxebizitza eskaera. Interesa dutenek eskuragarri izango ditu aurreproiektuaren planoak eta infografiak; eraikuntza proiektua, bestalde, datozen asteetan bukatzea eta onartzea aurreikusten du udalak. Informazio eskaria udalaren webguneko tramite atalean deskargatu ahal izango du herritarrak, eta behin orria beteta, idazkaritza.mendata@bizkaia.org helbidera bidali beharko du. Informazio gehiago gura duenak 94 625 47 22 telefonora deitu beharko du.