Biodibertsitate Zentroak ‘Uraren Garrantzia’ txapelketa antolatu du bigarrenez
Martxoaren 22an ospatzen den Uraren Nazioarteko egunaren harira, Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroak Uraren Garrantzia argazki lehiaketa antolatu du bigarrenez. Ur gezaren garrantzia eta berori lortzen duten inguru hidrikoenganako sentsibilizazioa handitu eta ur-iturri diren ekosistema hidrikoak kontserbatu asmoz ospatzen da mundu mailan uraren eguna. 2013. urteko leloa Elkarlana Ur Esferan izango dela aurreratu dute.
Aurten, bigarrenez, Uraren Garrantzia argazki txapelketa antolatu du Biodibertsitate Zentroak. Gura duten guztiek parte har dezakete txapelketan, gehienez bost argazki aurkeztu daitezkeelarik. Iazko moduan, argazkiak martxoaren 23an eta 24an Uraren Mundu Mailako Eguna ospatzeko Dorretxean izango diren ekintzetakoak edota ur geza iturri diren errekursto hidriko desberdinei buruzkoak izan beharko dira, ezinbestean. Teknika, barriz, norberak aukeratu beharko du.
Argazkilaritza-paperean inprimatuta bidali beharko dira argazkiak eta baita CD batean be argazkien kopiak. Horrez gain, 20 berba baino gutxiagoko azalpen txiki bat eta harremanetan ipintzeko datuak agertu beharko dira baita be. Horiek gutun itxi batean bidali beharko dira Euskadiko Biodibertsitate Zentrora apirilaren 2a baino lehen.
Bi sari emongo dituzte: lehenengoak nekazal turismo batean bi lagunentzako asteburu bateko egonaldia jasoko du, bigarrenak, barriz, bi lagunentzako Urdaibaiko paduretara irteera gidatua eta Euskadiko Biodibertsitate Zentrora bisita gidatua.