Bermeok play-off postuari eutsi dio
Azkenaldian behin baino gehiagotan defendatu behar izan du sailkapeneko laugarren postua, baina momentuz, primeran moldatu da Bermeo Futbol Taldea. Joan den asteburuan, gainera, talde sendoen antzera defendatu zuten play-off postua bermeotarrek: aurkari zuzen bati etxetik kanpo irabazita.
Hain zuzen, bertokoek 2-3 hartu zuten menpean Zalla seigarren sailkatua. Zallak irabaziz gero, bermeotarrek gutxienez postu bat galduko lukete sailkapenean, eta horrenbestez, play-offetatik kanpo egongo lirateke. Kostaldekoak hiru biderrez aurreratu behar izan ziren markagailuan, Zallatik garaipenagaz bueltatzeko. Jarak, Panak eta Santamariak sartu zituzten bertokoen golak.
Gernikak be asteburuko partida irabazi zuen, baina Bermeok irabazita, play-off postuetan sartzeko aukera barik geratu ziren gernikarrak. Hala, sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen dute, Bermeorengandik puntu bakarrera.
Anaitasuna (Azkoitia; Gipuzkoa) hartu zuen menpean Gernikak ligaren 24. jardunaldian. Halanda be, majo sufrituta lortu zituzten hiru puntuak bertokoek. Partida hasi eta berehala, epaileak Anaitasunaren aldeko penaltia emon zuen, bertokoen atezaina kaleratuz. Gipuzkoarrek ez zuten asmatu jaurtiketagaz, eta bertokoek bizirik jarraitu zuten.
Bigarren zatian sartu zuen Gernikak partidako gol bakarra. Korner jokaldi baten sartu zuen Galderrek, 65. minutuan.