
Nahiz eta baldintza txarretan bizi laguntza sozialak izateko baldintzetara iristen ez diren horiengana; laguntzak izan arren baliabideak ez dituztenengana; laguntzak iristeko zain daudenengana; eta, zelan ez, lotsagatik edo beldurragatik laguntza eskatzen ez duten guztiengana iritsi gura du sortu barri duten Kate Sarea elkarteak. Berorren bitartez, herritarrek, dendek eta enpresek “eskuzabaltasunez” eskainiko dituzten baliabideak “aprobetxatu” beharra dagoela nabarmendu du elkarteko presidente Mirenlur Santiagok; “bestela, pena bat” izango litzatekeela gaineratuz.
Bermeoko zenbait bizilagunek osatu dute Kate Sarea elkartea, “ilusio handiz” osatu be. Irabazi-asmorik bako elkartea dela nabarmendu dute, helburu bakarra krisi ekonomikoaren ondorioz muturreko egoerak bizi dituzten herritarrei laguntzea dela azalduz. Zentzu horretan, herritarren ekarpena “oso garrantzitsua” izango dela uste dute elkarteko kideek: “Familiaren baten egoera kaxkarra ezagutzen dutenei gugana jotzeko deia egiten diegu, badakigulako familia horietako askok ez dituztela laguntzak eskatzen lotsagatik”.
Bada, indarrak bateratzeko unea dela diote elkarteko kideek. “Batzuen keinu txikiekin besteen oinarrizko beharrizanak bete daitezke, baita emozioari dagozkioak be”. Argi daukate ezin gaitezkeela gure inguru hurbilean gertatzen ari denari begira geratu, eta lanean hasteko unea dela nabarmendu dute. “Krisiak eta haren ondorioak batzuen ateak jo dituzte; bihar gurea izan daiteke”.
Ildo horretatik, Kate Sareak kontzientzian eragin gura du, Bermeok duen “borondate ona” agertaraziz, “gure herria beti izan baita solidarioa”. Horregatik, elkarteak herritar guztientzat ateak zabalik dauzka, “denon laguntza ezinbestekoa delako”.
Janari bilketa hilaren 15era arte
Hainbat arinen laguntza behar duten guztiengana heltzeko, lehenengo kanpaina bat abiarazi dute. Otsailaren 15era bitartean elikagaiak biltzen ariko dira herriko hainbat komertziotan, baita umeen elikagaiak be. Elikagaiak egoera onean egon beharko dira, ongi ontziratuta eta iraungitze-data luzea izan beharko dute. Higiene produktuak be hartuko dituzte.
Elkarteko presidenteak adierazi duen moduan, “hainbat dendak eta enpresak egin dute bat gure kanpainarekin, eta laguntzeko prest agertu dira birritan pentsatu barik. Hainbat dira laguntzeko prest agertu diren herritar anonimoak be». Herriaren erantzuna ikusita, aurreikuspenak gainditu dituztela diote.

“Izugarri pozik” daude astelehenean kanpaina hasi zutenetik asko direlako bete dituzten orgak. Kontserba espresen erantzuna be nabarmentzekoa dela aipatu dute: “Pilo bat kilo kontserba emongo dituzte”. Halanda be, arazo bat daukate, oraindik ez baitute behin betiko lokal bat batzen ari diren guztia gordetzeko. Udala, dena den, bidezko kudeaketan ari da egiten dagoeneko.
Bestalde, otsailaren 17tik aurrera, elikagaiez gain, gura duenak arropak eta mantak eroan ahalko ditu elkartearen biltegira. Oraindik leku finko bat ez dutenez, Santa Maria elizaren atzekaldean daude; Talaranzko kalean, hain zuzen.
Halaber, Izaro Bikersek Gabonetan egindako jostailu bilketari jarraipena emongo diotela azaldu dute. Hortaz, urtean zehar egoera onean dauden jostailuak batuko dituzte. “Elkarte biek batera egingo dugu lan, gehien behar dutenei laguntzeko”. Izan be, Kate Sareak ez ditu “pertsonarik ahulenak” ahaztu gura: umeak eta hirugarren adinekoak.
Herriko ikastetxeetan aurkeztu gura dute elkartea. “Irakasleek zein zuzendari taldeek hurbiletik ezagutzen dute zeintzuk diren garai txarra bizitzen ari diren familiak edota baliabide gutxien dituztenak”. Elkarteak solaskide horiek “oso baliogarritzat” jo ditu, “laguntza eskatzen ez duten familia horiek lagundu ditzaketelako”.
Bestalde, batzen duten guztia modurik bidezkoenean banatzea dauka Kate Sareak helburu eta, horretarako, Bermeoko Udalarekin, Caritasekin, eliza katolikoarekin, erakunde publikoekin, elkarteekin eta ikastetxeekin koordinatuta jardungo dutela adierazi du Santiagok. Hori bai, argi utzi du laguntzak ez direla ekonomikoak izango.
Elikagaiak, arropak edo jostailuak batzea ez da Kate Sareak egingo duen gauza bakarra, Kate Sarea Kultur eta Giza Txokoan zenbait proiektu egitea aurreikusi baitute. Horietako bat herriko gazteei zuzendutakoa da, eta bestea herriko ostalariekin elkarlanean egingo dutena.
Bestalde, Kate Sarea Zurekinen bitartez, herritarrei harreman pertsonalizatua eskainiko diete. “Behar duten guztien belarriak izango gara, askok ez dute-eta norekin hitz egin”. Telefono zenbaki bat be izango dutela jakinarazi dute. “Bermeoko Udalari eskatu diogu, eta horren zain gaude”. Helbide elektroniko bat be izango dute. Jendeari arreta emoteko ziurrenik bariku arratsaldeak erabiliko dituztela jakinarazi dute.
Halanda be, Kate Sareko kideek ez dute gizarte-laguntzaile izan gura: “Ez gara, eta ez dugu izan nahi”. Hori bai, beren harri koskorra eman nahi dute boluntarioek, beste erakundeek eta elkarteek egiten duten lanarenganako errespetu osoz. Gainera, herriko elkarte guztiekin elkarlanean aritu gura du Kate Sareak.
Borondate onez
Batez be, “herritarrak laguntzeko” osatu dute elkarte jaioberria, eta elkartekideek askoren ahotik entzun dute horrelako zerbait sortzearen beharra egon bazegoela, “Bermeon uste duguna baino egoera kaxkarragoa bizi dugulako”. Gainera, herrian mugimendu solidarioa zabaldu gura dute, alderdikeriak alde batera utzita. “Elkartean mota askotako lagunak gaude: elbarri bat, etorkin bat eta egoera desberdinetan bizi garen bermeotarrak. Argi utzi gura dugu hemendik ez dugula etekinik aterako, borondate onez egiten dugun lana baita gurea”, esan dute.
Batzar bar eginog dute janari bilketan lagundu gura dutenekin
Kate Sarea elkarteak martxan ipini duen lehenengo kanpaina datorren barikuan amaituko da, hilaren 15ean. Bildutako guztia batzeko, halanda be, herritarren laguntza behar izango dutela adierazi dute. Hortaz, laguntzeko prest dauden herritar guztiei zuzendutako batzarra antolatu dute otsailaren 13rako, eguaztenerako. Gizarte eta Kultura Etxean izango da bilera, 19:30ean. Batzar horren helburua baliabideak kudeatzea eta antolatzea izango dela azaldu dute. Aurreikusitakoaren arabera, otsailaren 14an lagunduko duten kontserba enpresetan egingo dute bilketa; hilaren 16an, barriz, dendetan bildutako guztia batuko dute.