Tailer bereziak prestatu ditu Euskal Herria museoak, ikusmen arazoak dituztenei zuzenduta
2006an erakusketa iraunkorra berrinauguratu zutenean, bisiten eta jarduera pedagogikoen programa jarri zuen martxan Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak. Eskola-umeei zuzendutako tailerrekin eta helduentzako bisita gidatuekin hasi zuen ibilbide berria, gerora familiei zuzendutako jarduerekin handituz eskaintza. Pauso bat gehiago emanez, aurten gizartearen beste esparru bati be egin nahi izan dio bere ekarpena, itsuentzako edo ikusmen arazoak dituztenei zuzendutako bisita-tailerrak antolatuz.
ONCE Fundazioaren aholkularitzari esker, museoaren bigarren solairua egokitu dute ikusmen arazoak dituztenen taldeak hartzeko «edo ikusmen arazorik eduki ez arren haiekin enpatizatu eta antifaz bati esker» esperientzia berezi hori bizi nahi dutenentzako.
Herri kirolak, mitoak eta sinesmenak, dantzak, musika, euskara eta gastronomia ardatz hartuta, Euskal Herriko kultura eta folklorea azaltzen diete bisitariei Alegria jauregian, idatziak, ikus-entzunezkoak, objektuak, erreprodukzioak… baliatuz. Alabaina, baliabide horietako batzuk ikusmen urritasuna daukatenentzat baliogarriak ez direla eta, eskaintza egokitu beharrean izan da museoa. Hala, kontzeptuen eta objektuen deskripzioan; herri kirolen, dantzen, euskararen eta musikaren entzumenean; eta objektuen manipulazioan oinarrituko dira bisita-tailerrak.