
Nahiz eta baldintza txarretan bizi laguntza sozialak izateko baldintzetara iristen ez diren horiengana; laguntzak izan arren baliabideak ez dituztenengana; laguntzak iristeko zain daudenengana; eta, zelan ez, lotsagatik edo beldurragatik laguntza eskatzen ez duten guztiengana iritsi gura du sortu barri duten Kate Sarea elkarteak. Berorren bitartez, herritarrek, dendek eta enpresek «eskuzabaltasunez» eskainiko dituzten baliabideak «aprobetxatu» beharra dagoela nabarmendu du elkarteko presidente Mirenlur Santiagok; «bestela, pena bat» izango litzatekeela gaineratuz. Hainbat arinen laguntza behar duten guztiengana heltzeko, lehenengo kanpaina bat abiarazi dute. Egunotan elikagaiak biltzen ari dira Bermeoko hainbat lekutan, eta dagoeneko hainbat orga bete dituzte.
Otsailaren 15era bitartean ariko dira elikagaiak biltzen, baita umeen elikagaiak be. Produktuak egoera onean egon beharko dira, ongi ontziratuta eta iraungitze-data luzea izan beharko dute. Higiene produktuak be hartuko dituzte.
Elkarteko presidenteak adierazi duen moduan, «hainbat dendak eta enpresak egin dute bat gure kanpainarekin, eta laguntzeko prest agertu dira birritan pentsatu barik. Hainbat dira laguntzeko prest agertu diren herritar anonimoak be». Herriaren erantzuna ikusita, aurreikuspenak gainditu dituztela diote. «Izugarri pozik» daude astelehenean kanpaina hasi zutenetik asko direlako bete dituzten karroak. Kontserba espresen erantzuna be nabarmentzekoa dela aipatu dute: «Pilo bat kilo kontserba emongo dituzte».