Auzoetako arazoei egokiago erantzungo dien alkate sarea sortuko du Muxikako Udalak
Herriaren zabalera eta auzoen arteko distantzia kontuan hartuta, Muxikako Udalak auzo alkateak sortuko dituela jakinarazi du. Dioenez, helburu nagusia «auzoetako arazoei egokiago erantzungo dien alkate sarea sortzea da, tokian tokikoek eskaini dezaketen informazio eta laguntza baliatze aldera».
Muxikako Udalak azaldu duenez, «udalerria hiru lurralde-erakundez osatuta dago: Muxika, Gorozika eta Ibarruri». 1965ean Lurralde batasuna burutu zen hitzarmen bidez eta bertan, baldintza batzuk onartu zituzten, «esparru bakoitzaren ezaugarriak mantentzeko eta bermatzeko». Azken urteotan, ostera, egin behar ziren kontseilu kideen izendapenak eta batzordeen funtzionamendua ez direla formalki egin edo ahultzen joan direla kritikatu du udalak.
Hori dela eta, aipatu «hitzarmenaren helburuak gaureguneratzeko garaia» dela uste du udal gobernuak. Alegia, jatorrizko hitzarmenak (batez be, ekonomikoak) mantendu gura dituzte, herriko auzoak indar, presentzia eta partaidetza gehiago izateko.
Biztanleak eta auzoen zabalera kontuan izanda, 2011n herria sei zatitan banatzen hasi zen Muxikako Udala, eta, hala, herriko estudio demografikoa burutu zuen.
Herriaren banaketa hori oinarri hartuta, erabaki du Muxikako Udalak Auzo Alkateen figura eratzea; «orain arte martxan jarritako proiektuak burutzeko edota datozen urteetan egingo direnak aurrera ateratzeko baliabide lagungarriak izango direlako».
«Ezinbesteko laguntzaile»
Halaber, herriko basoen kudeaketaren, bide publikoen inbentarioaren eta auzoetako arazo arrunt zein ez arrunten proiektuak aurrera eroateko «ezinbesteko laguntzaile» izango dira Auzo Alkate horiek, udalaren ustetan.
Era berean, Auzo Alkateen sistema «herritarrak herriko kudeaketa eramateko tresna zuzena eta partehartzailea» dela deritzo udalak.
Auzo Alkate hori, baina, auzotarrengandik sortutako hautagaia izatea gura du udalak; alegia, «izendapena ez izatea udal gobernuarena, edonolako kutsu politikoa ezabatuz». Betebehar horretarako, baina, zenbait baldintza bete beharko ditu hautagaiak; hala nola, adin nagusikoa izan beharko du, Muxikan erroldatua egon beharko du, auzo horretako bizilaguna izan beharko du, eta, gainera, ezin izango da azken udal hauteskundeetan, talde politikoen zerrendetan agertu (kutsu politikoa izan ez dezan).
Gauzak horrela, Muxikako Udalak hurrengo asteetan proiektua azalduko du auzoaz auzo eta jendea animatuko du proiektuan parte hartzera. Hautaketa nola egingo den, bestalde, erabakitzeke dute oraindik