5.802 kilo batu ditu Besalde elkarteak Sahararen alde
Aurreko urteetan bezala, janari ugari batu du aurten be Besaldek, Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bitartez; guztira, 5.802 kilo.
Bermeoko, Busturiko eta Mundakako denda eta hezkuntza zentro guztietan, Muxikako eskolan eta Gernika-Lumoko institutuan, Allende Salazarren, Seber Altuben, Barrutian eta Barrutialden egin dute bilketa.
«Oso pozik» agertu dira Besaldekoak batutakoagaz; horregatik, janari bilketan parte hartutako guztiak eskertu gura izan dituzte; hala nola, eskualdeko hezkuntza zentroak (Bermeo, Mundaka, Busturia, Muxika eta Gernika-Lumo), Bermeoko arrain fabrikak, Mundakako Guztiok proiektuko elkartea, Ospitale Psikiatrikoa, parrokiak (bereziki, San Frantzisko)… Gainera, Bermeoko Udala be eskertu dute; izan be, bilketan laguntzeko 5.000 euro emon ditu. Udala ez da diruz lagundu duen bakarra izan; herritarren diru ekarpenak be izan direla baieztatu du Besaldek-eta; guztira, 450 euro jaso dituzte, eta diru horrekin, janaria eta konpresak erosi dituzte.