
Gernika-Lumoko familia batek 32 olio-pintura emon ditu doaintzan, Lumoko San Pedro elizako organoa konpontzeko. Musika tresna nahiko ondo zainduta dago, baina egokitzapenak behar ditu. Hala, Gernika-Lumoko Organo Zaleen Lopez de Alberdi elkarteak, ongintza erakusketa bat antolatu du dirua batzeko asmoagaz.
Lumoko organoa estilo historiko-erromantikoko musika tresna da, eta 112 urte ditu. Udaletik jakinarazi dutenez, denborak eta pipiek kalte nahiko handia eragin diote, eta horrenbestez, ezinbestekoa da zaharberritze lanak martxan jartzea. Hain zuzen, 36.000 euro behar dira zonaldeko organo garrantzitsuenetako bat leheneratzeko.

Interesatuek koadro bat erosiz lagundu dezakete Lumoko musika tresna konpontzen. Hain zuzen, 300 euro eta 1.200 euro bitartean balio dute artelanek. Zonaldeko herriak eta paisaiak agertzen dira olio-pinturetan.
Barikuan, hilaren 8a, zabalduko dute erakusketa, eta hilaren 22a arte egongo da ikusgai Elai Alai aretoan.