
Hezeguneen Mundu Mailako Egunaren harira, hainbat jarduera egon dira egunotan Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, Busturian, eta Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. Batean zein bestean, deialdiek harrera ona eduki dute, hainbat izan dira-eta antolatutako jardueretan parte hartu duten lagunak.
Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, hezeguneak eta beren babesaren garrantzia ezagutzera ematea helburu, adin guztietako pertsonei zuzenduriko jarduerak hartu ditu asteburuan. Hala, besteak beste, bisita gidatuak, tailerrak eta behaketak egin dituzte asteburuan Madariaga Dorretxean. Horiez gain, urtarrilaren 21etik 25era bitartean ikasleei zuzendutako irteerak egin dituzte zentro horretan, eta jakinarazi dutenez, Beasaindik, Sopelatik, Bermeotik, Trapagatik edota Bilbotik joandako 200 ikasle inguruk parte hartu dute.
Lau bisita gidatu
Urdaibai Bird Centerrek, bere aldetik, bisita gidatuen bidez ospatu du aurten Hezeguneek ura zaintzen dute lelopean joan den eguna. Eguraldi txarrari aurre eginez, lau bisita antolatu zituzten zapatuan. Hezeguneen garrantziaz jabetzeko aukera edukitzeaz gain, Urdaibaiko padurako hegaztiak behatu ahal izan zituzten parte hartzaileek. «Nola elikatzen diren, nola hartzen duten atseden eta zingira mirotzaren tankerako harrapariengandik nola babesten diren ikusteko aukera» izan zuten.
Kuliska zuriak, kuliska buztanbeltzak, hegaberak, txilinportak, ubarroiak, kopeta zuriak, antzarrak, lertxunak eta ahate espezie ugari ikusi ahal izan zituzten bisitetan parte hartu zutenek. Gainera, «padurara heldu berri zeuden eta Holandako eraztunak zeramatzaten mokozabalen taldetxo batek amaiera ezinhobea» eman zion jarduerari.