
Rosa Maria Sanchezek hurbiletik ezagutzen du fibrosi kistikoa. Familiako kide batek gaixotasun hori dauka, eta horrenbestez, halabeharrez ezagutu zuen. Fibrosi kistikoa gaixotasun kronikoa da, eta ez du sendagairik. Hala, gaixo horien bizimodua apur bat hobeagoa izan dadin, artea elkartasun tresna bezala erabili du marrazkilari gernikarrak. Muxikako Udalaren laguntzagaz, ongintza erakusketa bat jarri du Zubieta Errota eraikinean, fibrosi kistikoa duten pertsonen elkartearentzat “diru apur bat” batzeko.
Sanchezek azaldu duenez, erakusketako koadro bat erosiz lagundu dezakete interesatuek. Dioenez, prezio merkean saltzen dituzte erakargarriagoak izan daitezen. Batez be, Muxikako paisaiak eta eraikinak agertzen dira marrazkietan, baina badaude gai orokorragoa duten lanak be.

Erakusketa bisitatzen dutenek hainbat eguzkilore ikusteko aukera be izango dute. Sanchezek dioenez, errazago saltzen dira, txikiak eta merkeak baitira. Eguzkilorea, gainera, euskal ohituren sustraietan dagoela dio, eta ideia polita dela deritzo.
Astelehenetik barikura bisita daiteke erakusketa, hilaren 28a arte. 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara zabaltzen dute Zubieta Errota.