
Asteburuan Getxo Arteari 20-3 irabazita, Bizkaia Gernikak Ohorezko Mailako lidergoa berreskuratu du. Basurdeek nahikoa izan dute atzeratutako lehen partida irabazteagaz, lehen postuan jartzeko. Izan be, VRAC liderrak bi puntuko errenta zuen bakarrik. Hala, hamabigarren jardunaldiko lau puntuak irabazita, gernikarrak sailkapenaren buruan daude barriro.
Partida bat gutxiago jokatu arren, Bizkaia Gernikak bi puntuko aldea ateratzen dio VRAC bigarren sailkatuari. Atzeratutako bigarren partida irabaziz gero, hortaz, gutxienez sei puntuko aldea izango lukete bertokoek. Basurdeak nagusitasun ikaragarria erakutsi dute orain arte jokatutako partida guztietan, eta liga irabazteko hautagai sendoa izango da ezustekorik egon ezean.
Getxo Artearen kontra irabaztea asko kosta zitzaion Bizkaia Gernikari. Lehen zatian, esaterako, getxoztarrek defentsa sendoa egin zuten, eta 3nako bardinketa islatzen zuen markagailuak atsedenaldian.
Bigarren zatian, bestalde, basurdeek baloiaren kontrola izan zuten, eta Getxok gehiago sufritu zuen. Joko ikaragarria egin barik, basurdeek bi entsegu egin zituzten bigarren zatian. Amosak egin zuen lehenengoa 51. minutuan eta Zabaloyk bigarrena 76. minutuan.
Sailkapena ikusteko sakatu hemen