Eako Udalak konpostontziak banatuko ditu herritarren artean
Eako Udalak hondakin organikoak lurrerako ongarri bihurtzeko kanpaina abiaraziko du; horretarako, herritarren artean, guztira, banakako 17 konpostontzi eta taldekako bost banatuko ditu doan.
Otsailaren 16an 10:00etan banatuko ditu aipatu konpostontziak Natxituko eskolan, baina horietako bat jaso gura duenak, aurretiaz izena emon beharko du. Hain zuzen be, otsailaren 8ra arte izango du herritarrak konpostontziak eskatzeko aukera Eako udaletxean. Azaldu dutenez, konpostontziak baino eskaera gehiago izango balira, zozketa bidez banatuko lituzkete, izena emoten dutenen artean.
Ontziaz banatzeaz gain, etxean konposta egiten ikasteko doako ikastaroa emongo du udalak hilaren 16an konpostagailuak banatzeagaz batera; gainera, zalantzak argitzeko teknikarien laguntza eta aholkularitza be izango du parte hartzen duenak.
Konpostontzia eskuratzeko eatarra izan beharko du eskatzaileak, eta, horrez gain, udalak emongo duen aipatu ikastarora joan beharko du, eta, era berean, teknikariak egingo dituen ikuskapenak onartu beharko ditu.
Udalaren arabera, «kanpainaren bitartez, ongarritan eta zabor bilketan aurreztuko dute, eta, gainera, kutsadura murrizten eta lurraren eta landareen osasuna hobetzen be lagunduko du».