
2011 eta 2012. urteen arteko joeratik aldenduz, azken urtebetean mantendu egin da Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Elkargoa osatzen duten hamazazpi udalerrietan erroldatuta dauden beste herrialde batzuetako pertsona kopurua. Hain zuzen, atzerriko 2.173 pertsona erroldatuta daude herri horietan, biztanleriaren %7,6. Iazko datuek erakusten zuten bezala, aurten be portzentaje hori Bizkaikoa (2012an %6,5) eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa (2012an %6,9) baino altuagoa da. Halanda be, estatu mailakoagaz alderatuta, askoz baxuagoa da, 2012an %12,1koa baitzen atzerriko biztanleriaren portzentajea.
2012tik 2013ra Busturialdeko mankomunitateko herrietan erroldatutako atzerritarren ko purua 2.175 lagun izatetik 2.173 izatera igaro da; beraz, bi pertsona gutxiago zenbatu ditu elkargoak azken urtebetean. Kontrara, 2011n 200 atzerritar gehiago erroldatu ziren aipatu herrietan. 2010ean be beherakada eman zen, baina, Gizarte Zerbitzuen Elkargoak azaldu duenez, 2013ko urtarrilera arte 1996ko kopurua hamahiru aldiz hazi da, 164tik 2.173ra igo baita zenbatekoa.
Jatorriari dagokionez, «%44,5 Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetatik etorri da eta, bestalde, Europar Batasunetik etorri diren 1.208 biztanletik %86 errumaniarrak dira. Errumaniarrak (1.041 lagun), argentinarrak (88), marokoarrak (88), brasildarrak (84), boliviarrak (82) eta sahararrak (76) dira nazionalitate zabalenak.