
Muruetarrak Idiazabalgo saioaren momentu baten
Muruetako sokatira taldeak 640 kiloko Euskal Herriko txapelketaren finala jokatuko du, joan de zapatuan Idiazabalgo (Gipuzkoa) bigarren saioan laugarren postuan sailkatu ostean. Muruetagaz batera, Abadiño, Ibarra (Gipuzkoa), Ñapurrak (Lapurdi), Zuraide (Lapurdi) eta Berriozar (Nafarroa) lehiatuko dira, Durangoko finalean. Hain zuzen, otsailaren 9an neurtuko dituzte indarrak Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.
Javier Ondarza Muruetako alkatearen berbetan, “maila handiko taldeek” jokatuko dute finala, eta horrenbestez, bosgarren postuan sailkatzeagaz konformatzen dira bertokoak. Ezustekorik ezean Murueta eta Berriozar bosgarren postuagatik borrokatuko direla deritzo alkateak. Halanda be, muruetarrek ez dute etsiko, eta laugarren postuan sailkatzeko ahalegina egingo dute. Izan be, Zuraideri tiraldiren bat irabazteko aukera dutela uste du Ondarzak.
Mungiako lehen saioko eta Idiazabalgo bigarren saioko puntuaketak batuz gero, muruetarrek bosgarren postuan amaitu dute kanporaketa fasea. Mungian seigarren sailkatu ziren, eta Idiazabalen laugarren. Lehenengo jardunaldiko hutsegiteetatik ikasi ostean, Muruetak maila hobea emon zuen bigarren saioan, finalerako txartela eskuratuz.
Aurten lehenengo biderrez parte hartu dute muruetarrek Euskal Herriko txapelketetan. 680 kilokoan laugarren sailkatu ziren, eta 640 kilokoan marka bardintzeko aukera izango dute.