
Estudiantesen kontra jokatu beharko dute KESBekoek datorren asteburuan
Gernika KESBeko neskek 78-53 irabazi diote Las Rozas azken sailkatuari. Mario Lopez taldeko entrenatzaileak zaldu duenez, nahiko erraz irabazi zuten ligako hamahirugarren jardunaldia. Garaipena lortuta, KESBekoek pausu garrantzitsu bat emon dute, mailaz mantentzeko. Izan be, Las Rozas azken sailkatuak lau partida gutxiago irabazi ditu. Lopezen berbetan, “oso txarto jokatu beharko genuke, mailaz bajatzeko”.
Yaiza Lazaro bilbotarra izan zen partidako jokalari hoberena. Lazarok 18 puntuko balorazioa lortu zuen, 10 puntu sartuta eta 9 errebote hartuta. Modu berean, Tynikki Crook, Evelina Guneva eta Izaskun Garcia oso garrantzitsuak izan ziren, garaipena etxean geratzeko. Gunevak eta Crook-ek hamahiruna puntu sartu zituzten, eta Garciak beste hamar.
Lopezek jakinarazi duenez, ilusioz gainezka ekingo diote ligaren azken txanpari. Entrenatzaileak dioenez, taldeak bere jokoa aurkitu du, eta ezustekoa emoten ahaleginduko dira. Mailaz mantentzea ia ziurtatuta izan arren, sailkapen ona egin gura dute gernikarrek.
Hamahiru partida jokatuta, gernikarrek sei garaipen lortu dituzte. Play-off postuak, bestalde, bi partidara dituzte. Lopezek dioenez, play-offetan sartzea ez da helburua, baina momentuz, amets egiteko aukera irabazi dute bertokoek. Datorren asteburuan Estudiantes talde madrildarrari irabaziz gero, gutxienez postu bat aurreratuko lukete KESBekoek.
Partidaren estadistikak ikusteko sakatu hemen