Bermeon mugimendu solidarioa bultzatu aldera, boluntarioen elkarte barri bat eratu da: Kate Sarea. Beharrizana duten horiei laguntza emoteko sortu direla azaldu dute, «ez dute modu formalean justifikatu beharko», azaldu dute elkarteko kideek. Halanda be, Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizate Patronatuarekin eta Caritasekin koordinatuta egingo dutela lan jakinarazi dute.

Kate Sareko zenbait kide
Bermeoko egoera «uste baino kaxkarragoa» dela adierazi dute Kate Sareako kideek, hori dela eta «lagundu ahal dugun puntu horretara arte heldu gura dugu», diote; izan be, elkarteko kideen esanetan, «nahiz eta herritar asko ez diren gai oinarrizko beharrizanak betetzeko, lotsagatik ez dute laguntza eskatzen. Arazo hori dagoela jakin badakigu, horregatik errespetu osoz eta zuhurtziaz pertsona horiengana heltzen saiatuko gara».
Sentsibilizazio-kanpainak
Denbora gutxi daramate lanean baina dagoeneko herriko zenbait dendekin eta enpresekin harremanetan izan direla jakinarazi dute, «janaria, arropak eta jostailuak batu gura ditugu eta horiengana jo dugu zuzenean. Pozik gaude, erantzuna benetan ona izan delako». Gainera, otsailaren 4tik 15era bitartean elikagaiak biltzeko kanpaina abiaraziko dute herriko dendetan. Halanda be, urte guztian bilduko dituzte produktuok elkartearen egoitzan. Momentuz, Santa Maria elizaren atzekaldean daude, baina etorkizunean BBKrena den zaharren egoitza izandakoan izango dute egoitza, boluntariotzara bideratu baitu Bermeoko Udalak lokal hori.
Sentsibilizazio-kanpainak egiteaz gain, beste hainbat gauza egin gura ditu Kate Sareak. Batetik, herritarren belarriak izan gura dute, «jendearen istorioak entzuteko prest egongo gara, askok ez dute norekin berba egin eta». Bestetik, aurton, herriko gazteekin proiektu bat landu gura dute umeen nazioarteko eskubideen alde.
Kate Sareako kideek argi utzi gura izan dute ez dutela gizarte-laguntzaile izan gura, «ez gara eta ez dugu izan nahi», diote. Hori bai, nork bere harri-koskorra eskaini gura dutela azaltzen dute, beste erakundeek eta elkarteek egiten duten lanarenganako errespetu osoz. Gainera, herriko elkarte guztiekin elkarlanean aritu gura dutela adierazi dute.
Elkarteko kideen iritziz, «indarrak bateratzeko unea da. Keinu txikiekin oinarrizko beharrizanak bete daitezke, horien baitan emoziozkoak be». Herritar guztiei zabalik dagoen elkartea dela zehaztu dute, «denon laguntza ezinezkoa delako».