Jardunaldi gazi-gozoa hirugarren mailako taldeentzat
Jardunaldi gazi-gozoa izan da asteburukoa Hirugarren mailan jokatzen dute Busturialdeko futbol taldeentzat. Albiste pozgarria Gernikak emon zuen. Gernikarrek 2-0 irabazi zioten Laudio liderrari, Urbietan.
Denboraldiko 11. partida irabazita, gernikarrak sailkapeneko bosgarren postuan jarri dira, play-off postuetatik puntu bakarrera. Hala, datorren jardunaldian lehen lau sailkatuen artean sartzeko aukera izango dute.
Bermeok, bestalde, 2-0 galdu zuen Portugaleteren kontra. Bermeotarrek partida txukuna jokatu zuten, baina ezin izan zuten punturik eskuratu. 74. minutuan sartu zuten lehen gola Portugaletekoek, eta ordutik aurrera, Bermeok behera egin zuen.
Partida galduta be, kostaldekoek play-off postuetan jarraitzen dute, 40 puntugaz. Gernika bosgarren sailkatua, halanda be, puntu bakarrera hurbildu da. Datorren asteburuan, Bermeok eta Gernikak derbia jokatuko dute Itxasganen. Hala, norgehiagoka garrantzitsua izango da bertoko taldeentzat.
Bizkaiko Bigarren Mailan
Bizkaiko Bigarren Mailan be, Busturialdeko taldeak denboraldi edarra egiten dabiltza. Gernika Sporting eta Busturia, esaterako, sailkapeneko lehen bi postuetan daude. Joan den asteburuan, derbia jokatu zuten busturiarrek eta gernikarrek, baina bardinketagaz amaitu zen partida. Hala, sailkapenean puntu bakarreko aldea dago oraindik bi taldeen artean. Hain zuzen 37 puntu ditu Gernika Sporting-ek eta 36 puntu Busturiak. Peña hirugarren sailkatuak, bestalde, 34 puntu ditu.
Bermeoko bigarren taldea be sailkapenaren goikaldean dago, baina azkenaldian, behera egin dute. Hirugarren postuan denbora asko egin ostean, podiumetik kanpo daude bermeotarrak. Hain zuzen, laugarren sailkatuak dira Peñarengandik bi puntura.