
Eñaut Elorrieta (Gernika-Lumo, 1975) Ken Zazpi taldeko abeslari eta gitarra-jole bezala ezaguna da Euskal Herrian, baina ez da soilik horretara mugatzen gernikarraren ibilbidea musikaren munduan. Aurretik zenbait lanetan aritu ostean, orain bakarkako bideari heldu dio Elorrietak, Deserria diskoagaz, eta horretarako taldearen atsedenaldia aprobetxatuko du. Bere esanetan, «eserita entzuteko proposamena» izango da aurki grabatuko duen Deserria.
Ken Zazpi taldean ikusi zaitugu orain arte, baina aurrerantzean bakarka be ariko zara. Nola otu zaizu bakarkako bideari heltzea?
Duela bi urte ikastolako lana utzi nuen, denbora gehiago eskaintzeko musikagintzari eta sorkuntzari, hau da, benetan gustatzen zaidanari. Hartara, Ken Zazpiz gain, gauza gehiago egiteko aukera eta denbora izan ditut; eta, besteak beste, proiektu hau jarri nuen abian. Hain justu, ‘Deserria’ izeneko diskoa kaleratuko duzu.
Zer bilduko du lan horrek?
Hemengo eta kanpoko zenbait olerkariren deserriari buruzko olerkiak musikatu ditut. Deserriaren gaiak beti erakarri nau, eta disko honetan gai hau sakon jorratzeko aukera izan dut. Deserriaren inguruko disko monografiko bat izango da, literarioa, deserriaren adiera ezberdinetatik bidaia bat. Finean, bizitzaz eta existentziaz hitz egiten duen lana.
Diskoa kalean izango da, baina zu be kalean izango al zara abesti horiek herritarrei eskaintzeko?
Bai, asmoa Deserria diskoa taula gainera eroatea da, baina hori maiatzetik aurrera izan beharko da.
Orain arte ezagutu duen Eñaut Elorrieta ikusi ahalko du herritarrak bakarkako lan horretan be? Edo beste kutsu bat izango du?
Nahita ere ezingo nuke beste bat izan, baina estilo eta formatu aldetik proposamena ezberdina izango da. Eserita entzutekoa izango dela uste dut. Taldeko lanari dagokionez, ostera, Ken Zazpik Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin dauka proiektu bat esku artean, eta abendurako zeukan taldeak aurreikusita KlasikAT kontzertu sorta.
Atzeratu egin behar izan duzue. Noiz arte?
Datorren Durangoko Liburu eta Disko Azokarako argitaratuko dugu. Bi mundu ezberdinen arteko talka eta uztarketa da proiektua, eta, azkenean, uste genuena baino denbora luzeagoa behar izaten ari da.
Ken Zazpi taldearen atsedenaldia aprobetxatu duzu disko hori grabatzeko, ezta?
Horrela da, bai. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin abenduan kaleratuko dugun diskoak aukera eman eta espazioa utzi dit bitartean proiektu honi bidea emateko. Bestela, oso zaila izango litzateke gauza biak aldi berean egitea.
Halanda be, Ken Zazpi taldea berriro be taula gainean ikusteko aukera izango du herritarrak, ezta? Zu ere eurekin izango al zara?
Noski baietz. Hurrengo hilabeteetan Ken Zazpiren deserrian ibiliko naiz, baina Gabonetarako bueltatuko naiz herrira, etxera.
Taldean baino, bakarka aritzeak izango du zenbait abantaila eta desabantaila… Zeintzuk?
Ni oso ohituta nago taldean lan egitera, eta zenbait momentuan bakarrik eta babesgabe be sentitu naiz sormen lanean nintzela; baina, aldi berean, esperientzia horretatik pasatu izana be ederra izan dela uste dut.
Ken Zazpi taldeagaz, bakarka… Eta ‘Sortuko dira besteak’ ikuskizunean be parte hartu duzu. Nolako esperientzia bizi izan duzu?
Ederra izan da agertokia beste kantari eta musikari batzuekin partekatzea, esperientzia berri bat izan da niretzat. Euskal kantutegira hurbildu nau, entzule ezberdinen aurrean kantatzeko parada eman dit, eta baita beste estilo batzuk probatzeko aukera be. Esperientziaren oroitzapen goxoa gordeko dut.
Musikaren arloko proiektu askotan ikusi izan zaitugu. Nolako balorazioa egiten duzu zure ibilbideaz?
Aurten 24 urte bete dira agertoki batera lehenengoz igo nintzenetik, eta atzo izan zela ematen du. Pilo bat gozatzen dut sortzen eta kantatzen, bizitza ematen dit. Eta hala izan dadin egiten dut egunero ahalegina.