
Joan den denboraldian Ampo Ordiziaren kontra jokatutako partidetako bat
Europa albo batera utzita, Bizkaia Gernikak Ohorezko Mailako liga partida jokatuko du asteburuan. Basurdeek Ampo Ordizia hirugarren sailkatuaren kontra lehiatuko dira, Urbietako zelaian. Zapatuan neurtuko dituzte indarrak, 16:00etatik aurrera.
Garaipena etxean geratzea ez da erraza izango. Ordiziak talde sendoa osatu du aurten be, eta basurdeek orain arteko nagusitasuna erakutsi beharko dute irabazteko.
Azken egunetako eguraldi kaxkarraren eraginez, zelaia basaz beterik egongo da. Hala, hutsegiterik ez egitea oso garrantzitsua izango da derbia irabazteko. Lehenengo itzulian basurdeak nagusitu ziren, Altamirako zelaian.
Amlin Challenge txapelketa dela eta, bestalde, ligako bi partida atzeratu behar izan dituzte gernikarrek. Hala, VRACek sailkapeneko lehen postua kendu die. Hain zuzen, sailkapeneko bigarren postuan dago Bizkaia Gernika, liderrarengandik sei puntura.
Asteburuan galduz gero be, basurdeek bigarren postuan jarraituko lukete, Ampo Ordiziak sei puntu gutxiago baititu. Halanda be, ez litzateke egokia izango, lidergoa berreskuratzeko aukera galduko bailukete, bolada onari amaiera emonez. Gainera, ordiziarrak gehiegi hurbilduko lirateke sailkapenean.