Herriko argiteria barriztuko du Gautegiz Arteagako Udalak faseka
Gautegiz Arteagako Udalak herriko argiteria barriztuko duela jakinarazi du; hartara, aurrezpen energetikoa lortzeko eta argi-kutsadura gutxitzeko. Faseka burutuko ditu udalak barriztapen lan horiek. Guztira, 366 argi zahar aldatuko ditu; kontsumo gutxiko eta Led teknologiako argi barriak jarrita.
%60-70 aurreztea helburu
Hala, argi barri horiekin, argiztapenari dagokionean, %60-70 aurrezteko asmoa du udalak. Horretarako, baina, 250.000 euroko inbertsioa egin beharko du; lehenengo fasean 100.000 euroko inbertsioa eginda. Lan horiek burutzeko, dena den, Gautegiz Arteagako Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailari dirulaguntza eskatu dio Agenda 21 programaren baitan.
Gautegiz Arteagako Udalaren arabera, «orientazio hobeagoko eta onura energetikorako kale-argiak ezarriz, argi-kutsadura ekiditzea bideratuko da».
Udalak azaldu duenez, lurrun-fokua duten kale-argi zaharrek ez dute beherantz zuzentzen argia, eta, hortaz, «argi asko alferrik galtzen da eta argi-kutsadura sortzen da». Horregatik, Led Teknologiadun farolen aldeko apostua egingo dute eta argiztapena galtzadara zuzenduko duten kale-argiak jarriko dituzte. Horrela, «argiztapena hobetuko da eta argia ez da alferrik galduko».