Foruko Baldatikako baselizan egindako lanetan «irregulartasunak» antzeman ditu Bilduk
Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal gobernuak Baldatika auzoko San Bernardo Baselizako lanetan egindako kudeaketa «negargarria» ezkutatzeko, dokumentuak faltsutu izana salatu du Foruko Bildu Udal Taldeak.
Udalak San Bernardo baselizako lanen bigarren faseari zegokion dirulaguntza ez galtzearren, «lanak oraindik amaitu barik zeudela jakin arren, lanen amaiera ziurtagiria sinatzea eskatu zuen eta eraikuntza enpresari azken ordainketa egiteko agindua emon zuen. Jakitun izanik, legea hautsi dute honek suposatzen duenarekin», azaltzen dute Bildukoek.
«Ondorio ekonomiko larria»
Bilduren ustez, udalak kudeaketa «negargarria» egin du bai lanen adjudikazio prozesuan zein exekuziokoan be, «kontratazio mahaian irregulartasunak egon ziren eta jarraian lanen exekuzio prozesurako, hasieratik epe oso estuak zirela jakin arren, udal agintariek ez zuten jakin ondo kudeatzen. Egun, lanetarako dirulaguntza galtzeko arrisku handia dago 2012 urtea amaitu aurretik horiek ez amaitzeagatik», diote. Dirulaguntza galduz gero, Foruko Udaleko aurrekontuarentzako «kolpe handia» suposatuko lukeela diote, «udala egoera ekonomiko oso larrian utziko luke». Izan be, azaltzen dutenez, «aurreko bi agintaldietan egindako urbanizazio lan desberdinengatik, gaur egun udalek legalki eduki dezaketen zorpetze mailaren mugan aurkitzen da Forukoa».
Egoera zein zen jakinda be, «ardura barik» San Bernardo baseliza kultur etxe bihurtzeko lanen bigarren faseari ekitea kritikatzen du Bilduk. Bestalde, udalari «ezkutuan» ibiltzea leporatzen diote, «lanak amaitzeko epearen aurreko bi hilabeteetako Batzordeetan ez dugu lanon atzerapenen barri izan, nahiz eta guk galdetu».
Erantzule nagusia Bilduren iritziz EAJko udal gobernua da, baina «bai teknikaria zein kontratatutako eraikuntza enpresa be erantzule jotzen ditu Bilduk beraiei dagokien lana zuzen bete ez dutelako». Gertakari horiek barriro errepika ez daitezen, Bilduko zinegotziek «ardurak hartzea eskatzen dute eta udal gobernuaren zein teknikarien artean ondoriok eduki ditzala eskatzen dute». Horrez gain, Ikerketa Batzorde inpartzial bat egitea eskatzen dute, «kontratazio zein exekuzio prozesuak aztertzeko eta ardurak banatzeko».