Usurbilera joateko deia egin die Korrika 18k euskaltzaleei
Korrikak eta AEK-k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsona omendu eta protagonista bilakatu nahi dituzte euskararen aldeko lasterketaren 18. edizioan. Hori helburu hartuta, zapaturako txotx erraldoia antolatu dute Usurbilen.
Ekitaldiz betetako egitaraua prestatu dute Korrikaren arduradunek, egun osokoa. Goiz osoan kale animazioa egongo da trikitilari eta txarangekin. 13:00etan, bertsolarien saioa eta kupelen irekiera egingo dute, eta 14:30etik aurrera pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldean ailegatuko da ekitaldi nagusia, 16:30ean. Erromeriarik ez da faltako: 18:00etan hasiko da. Amaitzeko, 21:00etan, Esne Beltza taldeak kontzertua emongo du.
Bertara joateko autobusak antolatu ditu AEK-k eskualdez eskualde. Busturialdean, esate baterako, Gernika-Lumotik eta Bermeotik aterako dira autobusak zapatuan. Izena emon nahi dutenek herri biotako AEKren euskaltegietan egin beharko dute, eguenera arte. 10 euroren truke, autobusa eta jaialdirako sarrera eskuratu ahalko dituzte euskaltzaleek. Arduradunek zehaztu dutenez, «jatekoa, sagardoa, kontzertua eta autobusa barneratzen ditu sarrerak».