Datorren domekan izango da Bermeoko IX. Herri Lasterketa. Aurrekoetan egin moduan eta herritar guztiak parte hartzeko aukera izan dezaten lau lasterketa antolatu dituzte. Lasterketa Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Atletismo Taldeak antolatzen dute.

Beste behin be, Bermeoko Herri Lasterketak duen izaera «herrikoia» eta «soziala» nabarmendu dute. Irune Ormaetxea Kirol zinegotziak aipatu legez, «kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea» dira lasterketaren helburuak. Kirola herritarrei hurbildu gura diotela nabarmendu du, gainera. Beste alde batetik, «kirola federatuen gauza bakarrik ez» dela zabaldu gura dute.
Denontzako lasterketa
Bermeoko Herri Lasterketa herritar guztiei zuzendutakoa izanik, aurten be, antolatzaileek lau lasterketa antolatu dituzte: umeen, txikien, gazteen eta nagusien ataletan banatuta.
Aurten, lehenengo lasterketa nagusiena (15 urtetik gora) izango da, 10:30ean hasiko dira; gazteak (11-14 urte) 12:00etan hasiko dira; txikiak (7-10 urte), goizeko 12:30ean; umeak (3-6 urte), goizeko 12:40an. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 11 eta 14 urte bitarteko gazteek nagusien lasterketan parte hartu ahalko dute, beti bepertsona nagusi baten ardurapean eta berarekin korrika eginez eta gurasoen baimenarekin.
Denentzako irteera puntua Lameran izango dela azaldu dute. Umeak 100 metroko ibilbidea egin beharko dute, txikiak 800 metrokoa, gazteak 1.500 metrokoa eta nagusiak 8 kilometrokoa.
Antolatzaileek egun horretako lana erraztu asmoz, aurretiaz izena ematea eskertuko dutela jakinarazi dute, halanda be, egun horretan bertan 10:15eara arte izena emoteko aukera egongo dela zehaztu dute. Nagusiek Areneko kiroldegian emon beharko dute izena eta bi euro ordaindu beharko dituzte. Izena emoterako orduan korrikalari bakoitzari dortsala emongo diote, lasterketaren egunean eroan beharrekoa. Umeek, txikiek eta gazteek, aldiz, ikastetxeetan emon beharko dute izena eta ikastetxeetan emongo dizkiete dortsalak. Horiek parte hartzeagatik euro bat ordaindu beharko dute.
Lasterketa amaitzerakoan, parte hartzaile guztiek Araneko kiroldegian dutxa hartzeko aukera izango dutela azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, aurreko urteetan egin moduan, parte-hartzaileei janaria eta edaria eskainiko zaie.
Herri Lasterketan jasotzen duten dirua aurten Herri Babesarentzako izango da.