Bake epailea izendatzeko deialdia zabaldu du Muxikako Udalak
Bake epaile zein ordezko karguak izendatzeko prozesua abiarazi du Muxikako Udalak. Bake epaile izan gura duten herritarrek otsailaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dituzte euren hautagaitzak, Muxikako Kurtzero auzoan dagoen Zubietaerrota eraikineko udal-erregistroan.
Zuzenbide Lizentziaduna izatea beharrezkoa ez den arren, bake epaile izateko interesa duenak hainbat baldintza bete beharko ditu; besteak beste, adinez nagusia izan beharko du. Horrez gain, ezin izango du zeregin judizialak egikaritzeko ezgaitasun edo bateraezintasun arrazoirik izan. Era berean, ezin izango da ez alderdi politikoren bateko ezta sindikaturen bateko kide izan. Beraz, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 1985/6 Lege Organikoak ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta bake epailearen kargua betetzeko zehazten diren salbuespenekin, eskabideak aurkeztu ahal izango dituzte interesatuek.
Eskabide orria beteta
Izena emoten duenak eskabide orria beteta eroan beharko du; www.muxikakoudala.com webgunean edota Zubietaerrotako udal-erregistroan eskuratu ahal izango du orri hori. Horrez gain, NAN kopia eta gidabaimenaren kopia be eroan beharko ditu interesatuak.