Beste behin be, Mungiako San Antontxu jaien baitan egiten den Euskadiko Odoloste eta Txorizo Txapelketako buzkentzik onenak bermeotarrenak izan dira. Arrozaz egindako odolosterik onena Landabaso harategiarena izan da. Bestalde, barazkiz egindako onena Jeronimo harategiarena da. Aurtengoa San Antontxuko XVII. txapelketa izan da eta bermeotarrak ez dira hutsik bueltatu. Azken urteetan hainbat sari eskuratu dituzte Bermeoko harategiek.

Landabaso Harategiko Gil anaiak

Jeronimo Mateos txapelarekin eta garaikurrarekin
Landabaso Harategiko Gil anaiek “oso pozik” daude sariarekin. Sekreturik ez dagoela diote, gainera, “buzkentzak ondo mimatzea baino ez”. Horrelako sariek salmentaten eragina izaten dutela aipatzen dute, “herri txiki batean bizi gara gainera eta ahoz-ahokoa oso garrantzitsua da. Krisi sasoi hauetan eskertzekoa da”.
Jeronimo Harategiko harakinak be odolosteek sekreturik ez dutela dio, “tipula, porruak eta odolosteak behar duen guztia kalitate onekoak izatea da garrantzitsuena. Ondoren, nola ez, maitasun handiz egitea, besterik ez”. Harek be sariek dituzten garrantzia nabarmendu du. ” Askoz be gehiago saltzen dut sari bat lortzen dudan bakoitzean. Gainera, odolosteak erostera etortzen diren gehienak errepikatu egiten dute, gustokoak dituztelako eta hori benetan pozgarria da niretzat”